Ekonomia -
Bizkaia
Bilbok 30.529 Kultura Bonu jarriko ditu salgai ostiral honetan
Gainera, Udalak dagoeneko martxan jarri duen Ostalaritza Bonu salmentan, 13.028 txartel saldu dira bi ordutan.
Agentziak | EiTB Media
Bilboko Udalak 30.529 Kultura Bonu salgai jarri ditu ostiral honetan. Milioi bat euroko eragin ekonomikoa gainditzea espero dute agintariek.
Horretarako, udal aurrekontua 400.000 eurokoa izango da, eta jadanik 100 establezimendu inguruk ekimenarekin bat egin dute. 2022ko otsailaren 15era arte atxikitzeko aukera dute.
Bestalde, Udalak dagoeneko martxan jarri duen Ostalaritza Bonu salmentan, 13.028 txartel saldu dira bi ordutan soilik, 248.250 euroren truke. Kopuruak gora egiten jarraitzen du.
Ostiral honetatik aurrera ere, 16:00etatik aitzinera, www.bonobilbao.eus webgunean zein Kutxabank kutxazain automatikoetan, kultura sektorea babesteko Bonuak erostea posible izango da. Guztira, 30.529 txartel aktibatuko dituzte, 20 eta 40 euroko balioarekin. Diruaren erdia Udalak jarriko du.
Bonuen salmenta 2022ko otsailaren 15era edo agortu arte luzatuko da. Trukea, aldiz, martxoaren 15era arte egitea posible izango da.
Pertsona bakoitzeko 10 bonu eskuratzeko muga izango da, NAN aurkeztuz, eta txartel bakoitzeko 4 bonu, zenbateko bera edo handiagokoak. Gainera, administrazioek martxan jartzen duten beste edozein bonurekin bateragarriak izango dira, erosketa berdinean erabili ahal izateko.
Trukea, aurreko kanpainetan bezala, QR kodea ala bonuaren paperezko inprimakia aurkeztuz egingo da establezimenduan bertan.
Establezimenduen kasuan, bakoitzaren truke muga 30.000 eurokoa izanen da. Diru-laguntza azkarrak eta eraginkorrak izateko, transferentziak herritarrek bonu trukea egin ostean bideratuko ditu Udalak.