Ekonomia -
Argindarra
Industriari tarifak igoko dizkio eta berriztagarrien proiektuak gelditu ditu Iberdrolak
Bezeroei bidaltzen ari diren gutunak "nolabaiteko kezkaz" ikusten ditu Espainiako Gobernuak, igoerek justifikaziorik ez dutelako.
Agentziak | EiTB Media
Bezero industrialei eta enpresa handiei tarifak igoko dizkiela iragarri du Iberdrolak. Era berean, berriztagarrien proiektuak gelditzea erabaki du, "errentagarritasunak behera egin duelako". Iberdrolaren hornitzaileak diren euskal enpresa askorentzat ondorioak izan ditzake horrek.
Argindarraren handizkako merkatuaren (pool) igoerak etxeetako eta enpresetako ordainagirietan izan dezakeen eragina arintzeko asmoz, Espainiako Gobernuak lege-dekretua onartu zuen. Besteak beste, nuklear, hidroelektriko eta berriztagarriak 2022ko martxora arte lortzen duten etekin "extra" itzultzera behartzen ditu neurriak.
Argindar sektore ia osoak neurria kritikatu zuen, duela hilabeteak prezio finkoetan itxitako aldebiko hornidura kontratuen bideragarritasunari eraso egiten diola iritzita.
Espainiako Gobernuaren neurriei, erantzuna
Lege-dekretua indarrean sartu ondoren, Iberdrola bezero handiei gutunak bidaltzen hasi da. Araudiak kostu bat "inposatzen" die, egungo prezioaren (pool) eta kontratuak itxi zireneko salneurriaren (gasaren kostua txikiagoa zen) arteko aldea handia delako, azaldu du Iberdrolak mezuetan.
Konpainiaren hitzetan, "kutsadura isuririk sortzen ez duten instalazio askok bezeroekin prezio finko bat itxita zuten dagoeneko, eta beraz, ez dute spot merkatuko prezioen diru-sarrerarik jasotzen; ondorioz, ordainketa berriak eragingo die".
Bestalde, Espainiako Estatuan berriztagarrien proiektu berriak eraikitzeko prozesuak gelditzea erabaki duela jakinarazi die Iberdrolak hornitzaileei, bideragarritasun ekonomikoaren azterketa sakon bat egin arte behinik behin, lege-dekretua indarrean sartu ondoren.
"Nolabaiteko kezka"
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak esan duenez, bezeroei bidaltzen ari diren gutunak "nolabaiteko kezkaz" ikusten ditu Espainiako Gobernuak, igoerek justifikaziorik ez dutelako. Egoera aztertzen ari direla gaineratu du.
"Neurriak hartu baino lehen tarifak igotzeko erabakia hartu izana litekeena da, baina zer egiten ari diren ulertu nahi dugu, eta zergatik, justifikaziorik ez duela uste dugulako", adierazi du ministroak Diputatuen Kongresuan.