Ekonomia -
Kontsumorako Prezioen Indizea
Abuztuan baino % 0,8 altuagoak dira prezioak irailean
KPIa, gainera, % 4 igo da iazko datuekin alderatuta. Batez ere, argindarrak garestitzeak eragin du igoera hori. INEk aurreratu dituen datuen arabera, abuztuko igoera (% 3,3) baino zazpi hamarren handiagoa izango litzateke hil honetakoa.
Agentziak | Eitb Media
Prezioen igoera bizkortu egin da irailean, eta 2020ko hilabete berarekin alderatuta, % 4 garestiago daude orain prezioak. Abuztukoekin alderatuta, % 0,8 igo dira prezioak irailean.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) asteazken honetan argitaratu du Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) aurrerapena, eta urriaren 14an baieztatuko balitz, abuztuko igoera (% 3,3ko) zazpi hamarrenetik gorakoa litzateke.
INEk azaldu duenez, prezioen igoera elektrizitatearen garestitzearekin lotuta dago, 2020ko irailean baino garestiagoa baita orain argindarra; marka berria hautsi du gaur, megawatt-orduak 190 euroko prezioa baitu.
Era berean, eragin txikiagoa du pakete turistikoen bilakaerak (2020an baino gutxiago jaitsi dira aurten) eta automobilgintzako erregaien bilakaerak (iaz merkatu zirenean igo ziren).
Azpiko inflazioa (produktu energetikoen eta landu gabeko elikagaien prezioak kontuan hartzen ez dituena, aldakorrenak direlako) % 1ean kokatu zen, abuztukoa baino hiru hamarren gorago eta KPI orokorra baino hiru puntu beherago, bi tasen arteko alderik handiena. 1986an hasi zen serie honetan.
Kontsumo prezioen indize harmonizatua (KPI), metodo berarekin eurogune osoko prezioen bilakaera neurtzen duena, % 4 igo da iaztik, abuztukoa baino zazpi hamarren eta aurreko hilean baino % 1,1 handiagoa.