Ekonomia -
Aurrekontuak
Eusko Jaurlaritzak 250 milioiko ezohiko inbertsio programa bat onartu du
Gaurko Gobernu Kontseiluan onartutako programaren % 50 hezkuntza, osasun, kultura eta etxebizitza azpiegituretara bideratuko da. 170 milioi euro aurten hasiko dira exekutatzen.
O.P. | Eitb Media
Eusko Jaurlaritzak gaur egin duen Gobernu Kontseiluaren bileran 250 milioi euroko Ezohiko Inbertsio Programa bat onartu dute; Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen plan hau joan den irailaren 16ko politika orokorreko osoko bilkuran. Zenbateko hori batzen zaio 2021eko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetan inbertsioetarako jasotako 1.000 milioi eurotik gorako zenbatekoari.
Gainera, Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, kopuru horren lehen 170 milioi euroak aurten bertan exekutatzen hasiko dira.
Urkulluren Exekutiboak nabarmendu duenez, euskal aurrekontuak inbertsioak eta enplegua dinamizatzeko "funtsezko tresnetako bat da".
Helburu horrekin, azpimarratu duenez, Gobernu Kontseiluak onartutako ekonomia- eta aurrekontu-gidalerroek -"Europar Batasunaren zerga-politika hedakorrak eskaintzen duen aukera baliatuz"-, aintzat hartzen dute datozen urteetarako "apustu handiak sustatuko dituen inbertsio-plan handi bat diseinatzea eta abian jartzea.
Hori guztia, "erabakimenez eta bermeekin" ekin ahal izateko hiru trantsizio handiei: "trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sozio-sanitarioa (erronka demografikoa giltzarri du azken honek).
Hala ere, EAEko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren nortasun-ezaugarria inbertsio publikoa izan dadin lortu nahi den arren, zerga-arauak etetearen eta, diru-sarrerei zein gastuei dagokienez, aurrekontu-betearazpenaren ondorioz Administrazioaren ekonomiaren eta aurrekontuen gaur egungo egoerari erreparatuta, 2021eko ekitaldiaren barruan "komeni da inbertsio publikoa ahalik eta handiena izatea eta, horretarako, baimendutako mugetara hurbiltzea, eskura dauden baliabide guztiak erabiltzea eta inbertsio plan berezi bat berehala egitea".
Beraz, azpimarratu dutenez, finean, "inbertsioa lehenesten jarraitu nahi da, Euskadi eralda dadin, pandemiak eta osasun-estrategiak gizartearen arreta bereganatu duten gara berri honetan".
Programa Bereziaren finantzaketa diruzaintzako gerakinetatik eta aurrekontuan egindako intsuldaketetatik dator batik bat, "enplegua sortzen duten inbertsioak ere bultzatu ahal izateko" helburuarekin.
Programa berezi honek emango duen inbertsio ahalmen "gehigarri eta berezi" hori 2021-2024 aldian egikaritu beharreko inbertsio-jarduera zehaztetarako erabiliko da, lehentasun jakin batzuekin.
Lehentasun horien artean aurrenak dira gizarte-azpiegiturak dira: hezkuntzakoak, sozio-sanitarioak, kulturalak eta etxebizitzakoak, programaren % 50 osatuko dutenak.
Azpiegitura ekonomikoetara ere bideratuko dira inbertsioak: industrialak, teknologikoak eta digitalak, helburua izainik, "industiraren eta zerbitzu aurreratuen eraldaketa eta dibertsifikazioa areagotzea".
Hirugarren lehentasuna azpiegitura energetiko eta ingurumenekoak dira, Euskadi "energia berriztagarriko iturri berrien, biodibertsitatearen eta klima-aldaketaren aurkako borrokan" lehen lerroan jartzeko helburuz.
Exekutiboak azaldu duenez "Inbertsio Programa Berezi horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-neurri egokiak aktibatzen ditu plan hau abian jarri eta egikaritzeko beharrezkoak diren baliabideen erabilera erraz dadin, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta finantza-legeriaren eta aurrekontu-araubidearen esparruan".
Azaldu dutenez, ez da Eusko Jaurlaritzak 2021ean indarrean dauden Euskadiko Aurrekontu Orokorren inguruan egiten duen inbertsio publikoen arloko lehen esku-hartze gehigarria; izan ere, joan den maiatzaren 18an, Gobernu Kontseiluak Lehentasunezko Jarduera Eremuen (LJE) programarako kreditu gehigarriak baimendu eta onartu zituen.
LJE programa 180 milioi euroko aparteko funts gehigarri bat da, Lehentasunezko Jarduketa Eremuetan 25 proiektu traktore bultzatzeko eta Enkarterri, Ezkerraldea, Meatzaldea, Oarsoaldea eta Aiaraldea eskualdeei laguntzeko, horiek baitira azken birmoldaketa industrialen ondorioz "zigorrik handienak" jaso dituztenak eta "pandemiaren ondoriozko eragin ekonomikoa biziago jasan dutenak".
Hala, Gobernuak azaldu duenez, "ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Planean sartutako aurrekontu-ekimen baten bidez lurraldea berrorekatzeko jarduketa hura osatu egiten da, orain, izaera bereko baina irismen orokorragoko beste jarduera batekin, betiere autonomia-erkidegoen eskumenekoak diren gaietan inbertsio publikoari bultzada eman dakion". Horietako batzuk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako euskal sistemaren egitura teknologikoak indartzera bideratuta daude, baita hezkuntza-azpiegituretara, osasun-azpiegituretara edo azpiegitura judizialetara ere.