Ekonomia -
Merkataritza
Merkataritza Bonuen kanpaina berri bat iragarri du Hurtadok, 4,7 milioi eurokoa
Adierazi duenez, Turismo Bonua "ez da espero bezala funtzionatzen ari", eta indarraldia amaitzen denean "eraginkortasun falta" zergaitik eman den aztertuko dute.
I. G. | EITB MEDIA
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak merkataritza-bonuen beste kanpaina bat jaurti du, Euskadi Bono Denda izenekoa, 4,7 milioi eurokoa. Kanpaina berri horrek 14 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izatea espero du. Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira 30 eurotik gorako erosketetarako, eta horrek % 30etik gorako deskontua dakar.
Hurtadoren arabera, 2020an eta 2021ean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 114 milioi euro injektatu ditu zuzenean ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan eta turismo enpresetan.
Zehazki, 86,2 milioi euro dira ezohiko laguntzetan, 17,4 milioi ohiko laguntzetan eta 10,4 milioi kontsumorako bonuetan. 9.000 ostalaritza-establezimendu, 3.700 saltoki eta 1.300 turismo enpresa baino gehiagoren arduradunengana iritsi dira laguntzak.
"Euskadiko 14.000 turismo, ostalaritza eta merkataritza establezimenduk laguntza bat edo gehiago jaso ahal izan dute euren jarduera eta lanpostuak mantentzen laguntzeko krisi latz batean", azpimarratu du Hurtadok.
Merkataritza bonu berria
Sailburuak jakinarazi duenez, bonu berria bi fasetan merkaturatuko dute, "Gabonetako puntako salmentekin" bat ez egiteko: lehenengo fasea urriaren amaieratik abenduaren 5era arte, eta bigarrena 2022ko otsailaren 10etik martxoaren 31ra arte.
Aurreko deialdiari dagokionez, kontsumitzaileentzat eta establezimenduentzat "hobekuntza batzuk" egin dituztela jakinarazi du. Zehazki, pertsona batek truka ditzakeen bonuen kopurua lau izatetik bost izatera igaro da, eta 16 urtetik aurrera erabili daiteke orain.
Gogora ekarri duenez, aurreko deialdian aurkeztutako kontsumorako bonuek erakunde arteko akordio aitzindari bat izan zuten. Gasteizko Udalarekin hasi da kanpaina, eta Eudelek ere parte hartu du. Lurraldeko udal guztiek bat egin ahal izatea espero dutela adierazi du.
Bestalde, Turismo Bonua aipatu du, merkataritza-bonuaren pertzepzioa "desberdina" dela azpimarratzeko. Erakunde guztiek 2020an bi bonuak ezartzea adostu zutela gogorarazi ostean, Turismo bonuak atzerapenei eta data aldaketei aurre egin behar izan dietela adierazi du, mugikortasunaren murrizketen eta pandemiaren datuen araberako neurri berrien ondorioz.
Epea amaitu ez den arren, "emaitza partzialak" eta sektorearen balorazioak kontuan hartuta, "bonu turistikoak ez du espero bezala funtzionatu", adierazi du Hurtadok.