Ekonomia -

Next Generation

Euskadik 540 milioi euro inguru jasoko ditu 2021etik 2023ra Europako funtsetatik

Azpiazuren esanetan, erkidegoek "gaitasun mugatua" izan dute, eta batzuetan "gaitasun eza" laguntzen edukiak egokitzeko. Gainera, laguntza horiek izaera inbertitzaile edo eraldatzaile argirik ez dutela kritikatu du sailburuak.

Erkidegoen artean banatu beharreko 70.000 milioi horietatik, % 50 erkidegoek zuzenean kudeatuko dute
Hainbat lagun Bilbon
Erkidegoen artean banatu beharreko 70.000 milioi horietatik, % 50 erkidegoek zuzenean kudeatuko dute

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021etik 2023ra bitartean 540 milioi euro inguru jasoko ditu Euskadik Europako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilentzia Planeko funtsetatik, covid-19aren pandemiaren ondorioei aurre egiteko, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak asteazken honetan azaldu duenez.

Next Generation laguntzak Europar Batasuneko estatuen artean banatzeko garaian, pandemiak osasunaren eta ekonomiaren aldetik izandako eragina kontuan hartu denez gero, Espainiako Estatua izan da funtsen lehen hartzailea, guztira 70.000 milioi euro diru-laguntzetarako eta 70.000 milioi euro maileguetarako.

Erkidegoen artean banatu beharreko 70.000 milioi euro horietatik, % 50 erkidegoek zuzenean kudeatuko dutela jakinarazi du Espainiako Gobernuak.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 83 programa finantzatuko ditu Euskadik jasoko dituen 537,75 milioi euroekin. Horietatik, 2021ean, transferentzia handiena (82,4 milioi euro) etxebizitzak birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko izango da.

2021-2023 aldirako proiektuen kasuan, baliabide handienak zainketen ekonomiarako eta gizarteratzeko politikak indartzera bideratuko dira; plan horrek 119,49 milioi izango ditu hiru urteetarako.

Era berean, 60,75 milioi aurreikusita daude mugikortasun jasangarriko, seguruko eta metropoli-inguruneetan konektatutako plan baterako; 55,1 milioi gaitasun digitalen plan nazional baterako; 50,73 milioi hezkuntza-sistema modernizatzeko eta digitalizatzeko, 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne; 35,22 milioi lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berrietarako, edo 13,99 milioi, 5Gren konexio digitalerako eta beste hedapen baterako, besteak beste.

Estatuak zuzenean egiten duen kudeaketaren zati handi bat norgehiagoka-erregimeneko laguntzen deialdien bidez bideratuko da. Batzuetan, deialdi horiek jada existitzen dira eta baliagarriak izango dira Estatuko Aurrekontu Orokorretako ohiko funtsak osatzen dituzten funtsak bideratzeko. Beste batzuetan, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsak bideratuko dituzten beste deialdi batzuk ari dira diseinatzen. Hala gertatuko da, adibidez, Susperraldi eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoetan. Deialdiak, oro har, tokiko erakundeei, familiei, enpresei, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta abar zuzentzen zaizkie.

Orain arte, guztira 39 deialdi egin dira Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko osagaietarako, eta, guztira, 3.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da. Oraindik ez dakite zenbateko horretatik zenbat iritsiko den Euskal Autonomia Erkidegora.

Hala, sailburuak espero du irteteko falta diren deialdiek "gehiago eta hobeto erantzungo diotela funts horiek ekonomia osoaren gainean izan behar duten izaera eraldatzaileari, eta inbertsioak aukera emango duela Atzeraldi Handiaz geroztik Estatuko ekonomian hondatu den kapital-stocka berreskuratzeko. Inbertsioaren unea da, eta horrela egingo dugu gure baliabideekin ere ". 

Horren harira, datorren astean Gobernu Kontseiluak lehendakariak iragarri zuen 250 milioi euroko ezohiko inbertsio plana onartuko duela aurreratu du.

Azpiazuk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza "Espainiako Gobernuko ministerioekin etengabe dago harremanetan, zenbait alderdi berriro diseinatzen jarraitzeko eta 2022tik aurrera maniobra-tarte handiagoa lortzeko, betiere funtsak gure eskumeneko politika publikoen garapenera egoki daitezen eta politika publiko horietan integra daitezen".

Diru-laguntzak inbertsioetarako erabiliko ez direla kritikatu du Azpiazuk

Bestalde, Europako diru-laguntzak banatzeko negoziazioan Estatuak izan duen jarrera positibotzat jo badu ere, irizpideak kritikatu ditu, politika publikoei dagokienez hobeto dauden erkidegoak, tartean Euskadik, gutxiago jasoko dutela iritzita.

Espainiako Gobernuak "erkidegoak kontuan hartu gabe" negoziatu duela Europako agintariekin salatu du Azpiazuk, "ekimen horietako askoren kudeaketa erkidegoen esku egongo den arren".

Horrez gain, diru-laguntzak inbertsioetarako bideratuko ez direla ohartarazi du. "Funtsak ekonomia suspertzeko erabiliko dituzte, helburua Espainiako ekonomia eraldatzea izan beharko litzatekeenean", adierazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa