Ekonomia -

SOLDATA ARRAKALA

Emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala urtean 7.200 eurokoa da Euskadin

Zehazki, urteko batez besteko irabazien aldea 7.213 eurokoa da. Gizonek, batez beste, 31.970 euro irabazten dituzte urtean, eta emakumeek, 24.757 euro.

Zientzialari bat bulegoan lanean
Zientzialari bat bulegoan lanean
Zientzialari bat bulegoan lanean

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin, 7.213 euroko aldea dago urtean gizonen eta emakumeen soldataren artean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera. Zehazki, gizonek urtean batez beste 31.790 euro irabazten dituzte, eta, emakumeek 24.757.

Txostenaren arabera, arrakala 1,5 puntu murriztu da 2015etik, baina oraindik aldea % 22,6koa da. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendarian hitzetan, soldata arrakala "gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna errepikatzen eta iraunarazten duen egiturazko arazoa da", eta, beraz, gizarte eragile eta administrazio guztien erantzukizuna da hori ezabatzen laguntzea.

Zehazki, emakumeen eta gizonen urteko batez besteko irabazien aldea 7.213 eurokoa da. Gizonek batez beste 31.970 euro irabazten dute urtean, eta emakumeek, berriz, 24.757 euro. Europako neurketan erabiltzen den orduko batez besteko irabaziari dagokionez, EAEko soldata arrakala % 9,55ekoa da, 2015ean erregistratutakoa baino txikiagoa, orduan % 12,83koa baitzen.

Jarduera-sektorearen arabera, soldata arrakala handiena zerbitzuen sektorean dago (% 21,8), eta ondoren, industria sektorean (% 17,2).

Administrazioaren aldetik, konpromiso hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bidez bultzatzen duen Euskadin soldata-arrakala murrizteko Estrategian eta ekintza-planean islatzen da. 2019-2020 Ekintza Planaren ebaluazioa egin ondoren, diagnostikoa eguneratzeko eta 2021-2025 akzio plan berri bat planteatzeko fasean daudela iragarri dute.

Orain arte osatutako neurrien artean, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: sexuan oinarritutako soldata-diskriminazioak zuzentzeko ikuskapenen kopurua handitzea, langileei sexuagatiko soldata-diskriminaziorik ez izateko eskubideari buruzko informazioa ematea, eta pizgarriak eskaintzea, ikasketa tekniko eta teknologikoetan emakume gehiago sartzeko.

Bestalde, besteak beste, soldata-arrakala murrizten laguntzeko, Emakundek urtero deitzen ditu enpresei zuzendutako laguntzak, diagnostiko bat eta berdintasun-plan bat egiteko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza enpresa homologatuak kontratatzeko. Dirulaguntza horren zenbatekoa bikoiztu egin da aurten, 200.000 eurotik 400.000 eurora.

Landaidaren hitzetan, "beste neurri batzuez gain, beharrezkoa da enpresetan berdintasunaren kultura sartzea, eta berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egiteak aurrerapen handiak ahalbidetzen ditu ildo horretan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde albisteak Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Gutxieneko soldata