Ekonomia -
Argindarra
Argindarrak marka berria ezarriko du astelehen honetan: 154,16 euro/MWh
Ordutegia kontuan izanda, astelehen honetako ordurik merkeena 05:00etatik 06:00etara bitartekoa izango da (125 euro ordainduko baita megawatt-ordua). Garestiena, berriz, 20:00etatik 21:00etara bitartekoa izango da (170 eurora igoko baita).
Agentziak | EITB Media
Argindarraren eguneko batez besteko prezioak marka berria hautsiko du astelehen honetan handizkako merkatuan, 154,16 euro ordainduko baita megawatt-ordua (MWh), inoizko preziorik handiena, eta igandean (144,18 euro/MWh) baino % 6,9 garestiago.
Horrenbestez, ez da soilik erregistroak daudenetik astelehenik garestiena izango, inoizko egunik garestiena ere izango da, aurreko marka gaindituko baitu (152,32 euro/MWh).
Asteburuko etenaren ostean, beraz, argindarraren prezioak gora egingo du berriro. Ordutegia kontuan izanda, astelehen honetako ordurik merkeena 05:00etatik 06:00etara bitartekoa izango da (125 euro/MWh). Garestiena, berriz, 20:00etatik 21:00etara bitartekoa izango da (170 euro/MWh).
Iazko irailaren 13ko datuekin alderatuta (40,39 euro/MWh), astelehen honetako prezioa ia lau aldiz garestiagoa da.
Iraileko lehen bi asteetan, beraz, handizkako merkatuan inoiz ikusitako preziorik altuenak izan dira.