Ekonomia -

Nafarroa

Chivite: "Badirudi gaia nahiko garbi dagoela eta ibilgailu elektrikoa Landabenera iritsiko dela"

Nafarroako Gobernuko presidenteak berretsi duenez, "hori gauzatzeko lanean jarraitu behar dugu", eta horretarako "batasun sindikala, instituzionala eta politikoa" egon behar dela gaineratu du.

María Chivite ezkerrean, eta Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa. EFE.
María Chivite ezkerrean, eta Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa
María Chivite ezkerrean, eta Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa. EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, "Volkswagenen lantegiaren bideragarritasuna eta enplegu guztia bermatzeko" lanean ari dira, eta "ibilgailu elektrikoaren etorrera ixtea zen lehena eta funtsezkoa". Nafarroako presidenteak azaldu duenez, "gaia nahiko garbi dago" eta laster zehaztu daiteke.

Kazetarien galderei erantzunez, Volkswagen "une bikaina" bizitzen ari dela esan du Chivitek, "lantegiaren historiako lan karga handiena duelako". "Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa lanean ari dira ibilgailua eraldatzeko eta lantzen joan garen errealitate bat lortzeko, ibilgailu elektrikoa gure Erkidegora iristea, eta badirudi gaia nahiko garbi dagoela eta horrela izango dela", gaineratu du.

Chivitek esan duenez, 2030ean Europan ezin izango dira errekuntzako ibilgailuak egin, eta "oso garrantzitsua da ibilgailu elektrikoa iristea, instalazio horren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko".

"Hau gauzatzeko lanean jarraitu behar dugu", azpimarratu du Nafarroako presidenteak, eta horretarako "batasun sindikala, instituzionala eta politikoa" egon behar dela gaineratu du. "Lantegiko zuzendaritzarekin, automobilgintzako klusterrarekin eta Espainiako Gobernuarekin lanean ari gara, eta Volkswageneko enpresa batzordearekin bilera egingo dugu", esan du.

Maria Chivitek adierazi duenez, "nik ez dut mahai gainean zenbakirik ikusi" eta "beraz, ez naiz zehaztu ez diren gauzetan sartuko". "Landabenek aurrera egingo du, horretarako lanean ari gara eta batasun politiko, sindikal eta instituzionala eskatzen dut", adierazi du.

Bestalde, Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak esan du "erabat ziur" dagoela ibilgailu elektrikoa "hemen ikusi eta indartuko" dutela.

Alfredo Morales Langile Batzordeko presidentearen esanetan, ibilgailu elektrikoaren ekoizpenaren zerbait hartuko du Landabenek. Hortaz, modelo berria etorriko dela, baina oraindik ez dagoela inolako erabakirik hartuta esan du.

Bestalde, EITBk jakin ahal izan duenez, datorren astera begira Landabenek bostik lau egunetan lan egingo du, osagaien falta dela eta itxita egon ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Volkswagen Nafarroako Gobernuko presidentea Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan