Ekonomia -
Elkarretaratzea
SOS Deiak eta Trafikoa arreta zerbitzuetako langileek elkarretaratzea egin dute lan baldintza duinak eskatzeko
Eusko Jaurlaritzak zerbitzu horiek azpikontratatzen dituela salatu dute, "interes gutxi" dutelako, eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute.
Agentziak | EITB MEDIA
ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta, 112 (SOS DEIAK) eta 011 (Trafikoa) zerbitzuetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean, lan baldintzen hobekuntza eskatzeko.
Bilkura deitu duten sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak euskal gizartearentzat lehentasunezko eta ezinbesteko diren zerbitzu horiek azpikontratatzen ditu, eta horrek agerian uzten du ez dutela inolako interesik kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko.
"Oso larria da zerbitzu horiek esleitzea enkante batean, kostuak merkatze aldera, lehiaketan subrogazio klausularik ezarri gabe, horrek behintzat egonkortasuna emango bailioke lantaldeari", esan dute.
112 eta 011 zerbitzuetan Contact Centerren estatuko hitzarmena aplikatzen da: urtean 365 egun, egunean 24 ordu, goiz, arratsalde eta gaueko txandetan, urteko soldata gordina 16.000 eurora ere iristen ez delarik. "Eusko Jaurlaritzak baldintza-agirietan ez du inolako ñabardurarik egiten zerbitzu horiek duten garrantziaz", azaldu dute.
Sindikatuetako ordezkarien esanetan, "hori gutxi ez, eta % 100eko gutxieneko zerbitzuen bidez langileen greba eskubidea blokeatzen dute, dituzten baldintza eskasak salatzeko mobilizatzea galaraziz".
ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte egoera hori salatzeko eta gizarteari euren egoeraren berri emateko.
Larrialdi zerbitzua, errepideen kudeaketa bezalaxe, gizartearentzat funtsezkoa da, baina administrazioari bost axola zaio enpleguaren kalitateak eta egonkortasunak, baita langileek pairatzen dituzten baldintzak ere. Horregatik antolatu dute aurreneko elkarretaratzea, protesta gisa.