Ekonomia -
Marka berria
Argindarrak inoizko preziorik handiena izango du ostegun honetan, 141,7 euro ordainduko baita, % 4 gehiago
Ostegun honetan iazko egun berean baino hiru aldiz garestiago ordainduko da, orain urtebete 46,08 euro ordaindu baitzen megawatt-ordua.
Agentziak | EITB Media
Handizkako merkatuko argindarraren eguneko batez besteko prezioak marka berria hautsiko du ostegun honetan, 141,71 euro ordainduko baita megawatt-ordua, inoizko preziorik handiena eta asteazkenean (135,65 euro) baino % 4,4 garestiago.
Horrenbestez, biharkoa ez da soilik ostegunik garestiena izango erregistroak daudenetik, inoizko egunik garestiena ere izango da, aurreko marka gainditu baitu (140,23 euro MWh).
Ostegun honetako prezioa iazko egun bereko prezioa baino hiru aldiz handiagoa izango da, orain urtebete eguneko batez besteko prezioa 46,08 eurokoa izan baitzen.
Joan den astean, handizkako merkatuko argindarraren prezioak marka hautsi zuen astelehenetik ostegunera bitartean, eta ostiralean eta asteburuan igoera horrek etena izan zuen.
Hain zuzen ere, joan den asteko astelehenean prezioak ia % 22 egin zuen gora, asteartean % 5, asteazkenean % 1,5 eta ostegunean % 6. Goranzko bolada horren ostean, joan den ostiralean prezioa % 1,8 jaitsi zen, 137,7 euroraino, larunbatean % 2, 134,89 euroraino, eta igandean % 4,59, 128,70 euroraino.
Egoera aldatu egin zen astelehenean, prezioak % 3 egin baitzuen gora igandekoarekin alderatuta, eta 132,65 euroan kokatu zen, baina asteartean atsedenaldia hartu zuen berriro, 127,36 eurora jaitsi baitzen. Hala ere, asteazkenean goranzko bideari ekin zion berriro, batez besteko prezioa % 6,5 igo baitzen, eta ostegunean beste % 4,4 igoko da, bi egunez jarraian gora eginda.
Ordutegia kontuan hartuta, ostegun honetako ordurik merkeena 05:00etatik 06:00etarakoa izango da, 120,92 eurora jaitsiko baita, eta garestiena 21:00ak eta 22:00ak bitartekoa, 155,62 eurokoa izango baita.
Iraileko lehen bi asteek handizkako merkatuan inoiz izan diren prezio altuenen marka hautsi dute dagoeneko.
Abuztuan zehar, bero-bolada betean, prezioak beste marka bat ezarri zuen, eta, ondorioz, hileko batez besteko prezioa 106 eurora iritsi zen, inoizko hilabeterik garestiena, uztailekoaren ondoren, beste errekor bat ezarri baitzuen orduan, 92,4 euroko prezioarekin.