Ekonomia -
Elkarrizketa
Ugarte: "Tubacexeko sindikatuen jarrera Siziliako mafiaren antzekoa da"
SEA Arabako enpresaburuen elkarteko zuzendari nagusiaren ustez, Tubacexeko egoera "tamalgarria" da, zazpi hilabeteko grebaren ostean. "Horrela jarraitzen badu, enpresaren etorkizunarekin kezkatzen hasiko naiz", ohartarazi du.
EITB MEDIA
Juan Ugarte SEA Arabako enpresaburuen elkarteko zuzendari nagusia ahoan bilorik gabe mintzatu da Tubacexeko enpresa batzordearen kontra. Horren ustez, "sindikatuen jarrera batzuk oso zailak dira ulertzen. Enpresa bati babes juridikoari muzin egitea eskatzea Siziliako mafiaren antzera ibiltzea da".
Radio Vitorian egin dioten elkarrizketa batean nabarmendu duenez, langileek zazpi hilabete daramatzate greban eta enpresaren egoera "tamalgarria" da, "horrela jarraitzen badu, enpresaren etorkizunarekin kezkatzen hasiko naiz. Konfrontazioa ez da bidea. Gatazkak jarduera enpresariala jartzen du arriskuan. Denak du muga, baina ez da erraza enpresa batentzat zazpi hilabete egotea ekoitzi gabe".
Argindarraren garestitzearen harira, Arabako patronalaren zuzendariak aitortu du prezioak goia jota daudela. "Kezkatuta gaude, kalte izugarria egin dezakeen beste elementu erantsi bat delako, baina gai horrek energia taldean erosteko aukerari ere atea zabaltzen dio. Horrela aritzen diren 1.000 enpresa horiei ez die ziurgabetasun horrek eragin. Milioi bat euro aurreztu dituzte, gainera", azaldu du.
Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera hizpide hartuta, Ugartek esan du "albiste txarra" litzatekeela akordioa patronala barik hartzea. "Onena ituna lortzea da. Ez gaude gutxieneko soldataren kontra, baina ez da unerik egokiena ziurgabetasuna handia delako. Dena dela, balizko igoera horren eragina Araban oso txikia izango litzateke, langileen % 90ek hortik gora kobratzen baitute".