Ekonomia -
Koronabirusa
Gaueko aisialdiko lokalek 35.000 euro arteko laguntzak eskatu ahalko dituzte
Jaurlaritzak 12 milioi euro banatuko ditu tankera horretako lokalen artean. 10.000-35.000 euro poltsikoratu ahalko dituzte establezimendu mota eta langile kopuruaren arabera.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 12 milioi euro banatuko ditu gaueko aisialdiko lokalen jabeen artean, koronabirusak euren negozioetan egindako kaltea arintzeko. Izan ere, gehientsuenek urtebete baino gehiago daramate itxita.
Javier Hurtado arlo horretako sailburuak aurkeztu ditu laguntzok, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Zehaztu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) horrelako 1.000 bat establezimendu daude (ostalaritza sektorearen % 10-14).
Hurtadok azaldu du gaueko aisiarako jarduerak murrizketa handiak jasan dituela pandemia garaian, eta, horregatik, "beharrezko" jo dutela deialdi berri hori egitea. III. eta IV. taldeetan sailkatutako establezimenduentzat bideratuko dituzte laguntzak. III. taldekoak dira ixteko ordutegia 02:30era arte duten pub eta taberna bereziak, eta IV.ekoak, berriz, ixteko ordutegia 04:30era arte dutenak eta dantzarako eta dibertsiorako establezimenduak (diskotekak).
Irizpide hauen arabera banatuko dira laguntzok:
- Hamar langile baino gutxiago dituzten III. taldeko establezimenduek 10.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute, eta 10 langile edo gehiago dituztenek, 15.000 eurokoa.
- IV. taldeko establezimenduek 15.000 euroko laguntzak jaso ahal izango dituzte 10 langile baino gutxiago badituzte, eta 35.000 eurokoak, 10 langile edo gehiago badituzte.
Pub eta diskoteken jabeek 15 egun izango dituzte eskaera egiteko (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita). Hurtadoren arabera, lizentzia mota eta langile kopurua zehazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu ostalariak, eta, ondoren, "prozedura azkar eta erraz" bati esker, "ahalik eta arinen" jasoko ditu laguntzak.