Ekonomia -
Elkarrizketa
Loli Garcia: “Atzoko Zanbranako lan-istripu hilgarrian huts egin du segurtasunak”
CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak Osalani eta lan-ikuskaritzari eskatu die "bertatik bertara" eta modu sakonagoan azter ditzatela hainbat sektoreetako jarduerak, basogintzarena, kasu, prebentzio neurriak egokiak direla baieztatzeko.
EITB MEDIA
Atzo Zanbrana izandako lan-istripu hilgarriaz aritu da Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusia Radio Vitorian; istripu horretan 38 urteko gizonezko bat hil zen zuhaitzak mozten ari zela istripua izanda.
Garciaren arabera, "gauza asko ari dira huts egiten. Urtebetean basogintzan hiltzen den laugarren pertsona da, baina gainera, basogintzan ez da pertsona asko ari, eta beraz, ezbehar-kopurua oso altua proportzioan. Horregatik uste dugu segurtasun neurriak muturreraino eraman behar direla. Bistakoa da segurtasunak huts egin duela istripu horretan".
Horren aurrean, Garciak Osalani eta lan-ikuskaritzari eskatu die lan egiten den toki horiek bertatik bertara ikustera joan daitezela "prebentzio neurriak egokiak" direla baieztatzeko.
Lan-erreformaz galdetuta, CCOO Euskadiko idazkari nagusiak argi utzi duenez, ez dute "patronalaren aldetik betorik onartuko lan-erreforma baliogabetzeko orduan. Kalitatezko enplegurako irizpideak ezarri behar dira eta behin-behinekotasunari mugak jarri".
Greba orokorraren aukeraren inguruan, Garciak oroitarazi du ez dutela inoiz mobilizazioaren eta grebaren aukera baztertu, "baina uste dugu momentu honetan elkarrizketari aukera bat eman behar zaiola. Horren arabera erabakiko dugu nora jo. Justizia sozialaren ordua da, langileen eskubideak berreskuratzekoa". esan du.