Ekonomia -
gutxieneko soldata
Gutxieneko soldataren igoera adosten saiatzeko bilera erabakigarria egingo dute
Gai honen inguruko "behin betiko bilera" da; izan ere, aurten gutxieneko soldatak izango duen igoeraren zenbatekoa bilera horren ostean erabakiko du Espainiako Gobernuak, eragile sozialekin akordioa lortu edo ez.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko Lan Ministerioa CCOO, UGT, CEOE eta Cepymeko ordezkariekin bilduko da astelehen honetan, aurtengo eta datozen bi urteetako lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera adosteko asmoz. Hain zuzen ere, batez besteko soldataren % 60ra eramateko legealdiko konpromisoa bete nahi du koalizio-gobernuak.
Gai honen inguruko "behin betiko bilera" da; izan ere, aurten gutxieneko soldatak izango duen igoeraren zenbatekoa bilera horren ostean erabakiko duela eta "azkar" ezarriko duela iragarri du Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomia ministroak.
Horrela, eragile sozialekin ados jarri edo ez, Diazen esanetan, lanbide arteko gutxieneko soldata igo egingo da, "pobreziari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena delako". Exekutiboak azaldu duenez, baina, astearteko Ministroen Kontseiluan ezingo da bilera horretan adostu litekeen igoera onartu, baina hilabete honetan indarrean sartzeko asmoa du.
Gaur egun, hilean 950 eurokoa da lanbide arteko gutxieneko soldata (urtean 14 ordainsari), eta Espainiako Gobernuaren asmoa hilean 12 eta 19 euro artean igotzea da, hau da, balio erlatiboak % 1,2 eta % 2 artean igotzea. Gutxieneko soldataren gorakadak adituen batzorde batek egin eta ekainean argitaratutako txostenaren gomendioak izango ditu kontuan.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, joan den asteleheneko bileran proposatu zien aurten 15 euroko igoera egitea eta datozen bi urteetan 31 eurokoa izatea. Zenbateko horiek betez gero, hilean 965 eurora iritsiko litzateke aurten lanbide arteko gutxieneko soldata, 2022an hilean 996 eurora eta, legegintzaldiaren amaieran, 2023an, hilean 1.027ra iristeko.
Espainiako Gobernuak ez du gutxieneko soldataren igoera sindikatuekin eta patronalarekin adostu beharrik, baina Diaz ministroak elkarrizketa sozialaren inguruko akordio bat lortu nahi du. Alabaina, oraingoan zaila dirudi akordio bat lortzea, CEOEk baztertu egin baitu gutxieneko soldata igotzeko proposamena, enpresak oraindik krisitik ateratzen saiatzen ari direla iritzita.
Testuinguru horretan, Antonio Garamendi CEOEko presidenteak ohartarazi duenez, une honetan gutxieneko errenta horrek enpleguari kalte egin diezaioke, ezkutuko ekonomia handitu dezake eta lan-sektore batzuetan eragin negatiboa izan dezake.