Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTren Gipuzkoako tarteko lanak 2024an amaituko direla aurreikusi du Arriolak
Europako herritarren "konektibitatea hobetzeaz gain", AHTk Euskadiren garapena, lehiakortasuna eta Europan duen presentzia indartuko dituela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Garraio arduradunak.
EITB Media
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak larunbat honetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza "erabat inplikatuta" dago Abiadura Handiko Trenaren (AHT) garapenarekin Euskadin, eta jakinarazi du Gipuzkoako tartean zati guztiak amaituta daudela, Hernani-Astigarraga zatiaren bigarren fasea eta Ezkioko eta Atotxako geltokiak izan ezik, horiek, aurreikusitakoaren arabera, 2024an amaituko baitira. Lan horiek Eusko Jaurlaritzak egiten ditu, Espainiako Gobernuarekin egindako kudeaketa-gomendio baten bidez.
Hala iragarri du Arriolak larunbat honetan, Connecting Europe Express ekimenean. Hain zuzen ere, Trenaren Europako Urtea dela eta, Europa zeharkatzen duen tren bat da, eta ehun bat hiritan geldituko da, garraiobide jasangarri hori ikusarazteko. Europar Batasuneko, Espainiako eta Akitaniako agintariek ere parte hartu dute ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzako Garraio arduradunak azpimarratu duenez, "Europako herritarren konektibitatea hobetzeaz gain, AHTk Euskadiren garapena, lehiakortasuna eta Europan duen presentzia indartuko ditu". Euskadi "funtsezko katebegia" da, 2.000 kilometro baino gehiagoko luzera duen Europako Korridore Atlantikoa nabamenduz.
"Funtsezkoa da trenbidearen funtzio sozialari eta garraiobide jasangarri, seguru eta eraginkor baten potentzialari balioa ematea", nabarmendu du Arriolak, eta Europako funtsek helburu hori lortzeko eta Espainiarekin zein Frantziarekin erakundeen arteko lankidetza lortzeko duten zeregina azpimarratu du.
Testuinguru horretan, "Espainiako Gobernuak hurrengo belaunaldientzat Euskal Auronomia Erkidegoan (EAE) finantzatutako azpiegitura handiena" dela nabarmendu du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak.
Hala, "Estatuak Euskadin, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, egindako inbertsiorik handiena" dela aziarratu du Itxasok. Bere esanetan, gainera, Jaurlaritzak "beti erakutsi du bere lankidetza eta konpromiso leiala".