Ekonomia -

Lana

ESK-k Osakidetzaren "jarrera xenofoboa" salatu du, langile migratzaileak baztertzeagatik

Sindikatuak azaldu duenez, Euskal Osasun Zerbitzuak behin-behineko langileei jakinarazi die ezin izango dutela zerbitzuak ematen jarraitu, Europako herritartasunik ez dutela argudiatuta.

Osasun-langileak, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Osasun-langileak, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Osasun-langileak, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ESK sindikatuak Osakidetzaren jarrera "hipokrita eta xenofoboa" salatu du, covid-19ari aurre egiteko jardunean "profesionaltasuna eta balioa" erakutsi duten langile migratzaileak baztertu egin dituelako.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Osakidetzaren ustezko instrukzio bati jarraiki, behin-behineko langileei jakinarazi zaie hemendik aurrera ezingo dutela zerbitzuak ematen jarraitu, Europako nazionalitatea ez dutela argudiatuta.

Sindikatuak deitoratu egin du pertsona horiek, Euskal Osasun Zerbitzuan lanean bi urte baino gehiago daramatenak eta, lehen lerroan, izurritearen kolpeak jasan dituztenak, "Osakidetzak begirunerik gabe kanporatuko dituelako".

Pandemiaren ondorioz, Osakidetzak langileen arloan "gabezia estruktural larriak" dituela salatu du ESK-k, eta, hori dela eta, adierazi du ez duela ulertzen zergatik dagoen erakunde hori prest "lanean esperientzia handia duten pertsonak baztertzeko".

"Osakidetzak, interesatzen zaionean, ez du inolako trabarik izaten legalitatea hausteko eta langileak ustiatu eta prekarizatzeko, batez ere langile migratzaileak, eta, ondoren, langileak alde batera uzten ditu minik hartu gabe, pertsonak bizitzeko moduko baliabiderik gabe utziz eta herri honetako herritarrek merezi duten arreta prekarizatuz", salatu du sindikatuak.

Azkenik, Osakidetzak pertsona horiek lan-poltsetan sartzeko mekanismoak ezartzea eskatu du ESK sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Koronabirusa ESK