Ekonomia -
Automobilgintza
Gasteizko Mercedes-Benzek ekoizpena eten du berriz, eta 3.000 furgoneta gutxiago ekoitziko ditu
Irailaren 6tik aurrera, aldiz, jarduerari berrekitea espero du enpresak, baina hornidura faltak sortzen duen "ziurgabetasunaren ondorioz", irailaren 2an beste bilera bat egingo du zuzendaritzak, egoera aztertzeko.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak langileei jakinarazi dienez, berriro etengo du ekoizpena, astelehenetik aurrera, hiru lan-txandetan. Testuinguru horretan, uztailean aurreikusitakoa baino ia 3.000 furgoneta gutxiago ekoitziko dituzte aurten (urte hasieran aurreikusitakoa baino 12.000 unitate gutxiago). Gauzak horrela, guztira 138.161 furgoneta ekoizteko asmoa dute urtea amaitu aurretik, aurreikuspenak nabarmen murriztu ondoren.
Zehazki, merkatuan erdieroaleen hornidura faltak eragindako "egoera kritikoaren ondorioz" hartu dute erabakia, eta lantegiko arduradunek langileen ordezkariei jakinarazi diete.
Lantegi horretako zuzendaritzak jakitera eman duenez, Gasteizen ekoizten dituzten furgonetak egiteko funtsezko elementuak diren erdieroalerik edo txipik ez dagoenez, uda honetan lantegiaren jarduera ia hilabetez geldiarazi behar izan dute, uztailaren 29tik abuztuaren 23ra bitartean, hain zuzen ere.
Jardueren etenaldi berriak, abuztuaren 30eko eta 31ko eta irailaren 1eko eta 2ko hiru produkzio-txandetan izango du eragina, ekoizpen, muntaia-gordin, pintura eta azken muntaketaren sektore guztietan, eta, oro har, lantegiko behargin guztiengan ere (bai zuzeneko langileengan, bai zeharkakoengan). Salbuespen bakarra, "egin beharreko" lanak egiteko eskatzen zaien enplegatuena izango da.
Horrez gain, bertan behera geratu dira irailaren 3ko hiru ekoizpen-txandak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearekin lotuta. Gainera, irailaren 4ko eta 5eko asteburuko zereginak ere bertan behera geratuko dira.
Irailaren 6tik aurrera, aldiz, jarduerari berrekitea espero du enpresak, baina Asiatik iristen diren osagaien hornidura faltak "epe laburrera" sortzen duen "ziurgabetasunaren ondorioz", irailaren 2an beste bilera bat egingo du zuzendaritzak, eta bertan aztertuko dute egoera, eten gehiago egin behar diren edo ez erabakitzeko.
Horrez gain, irailaren 11n, 18an eta 25ean (larunbatetan), muntaketa-gordinaren, pinturaren eta azken muntaketaren sektore guztietan lanaldiak indartuko direla erabaki da, horniduren erabilgarritasunak horretarako aukera ematen badu, enpresak bezeroekin hartutako konpromisoak betetzeko.