Ekonomia -

Argindarraren prezioa

Hainbat konpainiak argindarraren prezioa legez kanpo igo dutela ohartarazi du Merkatu eta Lehia Batzordeak

Bezeroei dagokiena baino gehiago kobratzen ari zaizkien enpresak zigortzeko eta haien izenak publiko egiteko eskatu dio Kontsumitzaileen Elkarteak Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeari. Bitartean, argindarraren prezioak goraka segitzen du.

Goi-tentsioko dorreak. Argazkia: Pixabay
Goi-tentsioko dorreak. Argazkia: Pixabay
Goi-tentsioko dorreak. Argazkia: Pixabay

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak jakinarazi duenez, hainbat konpainia elektrikok legez kanpo igo dute argindarraren prezioa, ekainaren 1ean indarrean sartu zen tarifa berrian egindako aldaketak baliatuta. Hala, bezeroek ordaindu beharreko faktura % 30eraino garestitu dute zenbait enpresak.  

Bestela, gaur arratsaldean iragarri dute Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak agerraldia egingo duela datorren astelehenean Diputatuen Kongresuan azken hilabeteotan argindarraren prezioak izan duen gorakadari buruz azalpenak emateko.

Bien bitartean, gorakada horrek ez du etenik, eta egunotan marka berriak hautsiko ditu argindarraren prezioak: 129,81 euro megawatt orduko, asteazkenean, eta 122,76 euro megawatt orduko, ostegunean.

Fakturetan atzemandako irregulartasunen harira, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak esan du "kasu puntualak" direla eta konpainia gehienek behar bezala egiten dituztela kontratuak.  

Edonola ere, iruzurra egin duten enpresa hornitzaileei kontratuak erregularizatzeko eta bezeroei gardentasunez informatzeko eskatu diela zehaztu du.

Kontsumitzaileen Elkarteak zigorrak eskatu ditu

Bestalde, Kontsumitzaileen Elkarteak argindarraren prezioa legez kanpo igo duten enpresak zigortzeko eta haien izenak publiko egiteko galdegin dio Merkatu eta Lehia Batzordeari.

Elkarteak gogora ekarri du bere garaian ohartarazi zuela tarifa eredu berria iruzurra egiteko eta fakturak puzteko erabiliko zutela hainbat konpainiek.

"Gertakari larria da eta, tamalez, ohikoa da, enpresa askok ez baitiete beren bezeroei tarifa aldaketei eta prezioen igoerei buruzko informazioa behar bezala ematen", kritikatu du ohar batean.

Horrez gain, araudia alda dezala eskatu dio Kontsumo Ministerioari, konpainiek "gardentasunez eta bermeekin" jardun dezaten.

Ildo berean, faktura zorrotz aztertzeko eta tarifak alderatzeko aholkatu die kontsumitzaileei, behar baino gehiago ordaindu badute dirua itzultzea eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea