Ekonomia -
Turismoa Euskadin
Landa-ostatuetako sarrerak eta gaualdiak % 35 baino gehiago igo dira uztailean, 2020ko datuekin alderatuta
Euskadiko apartamentu turistikoetako ostatu-gauak, aldiz, % 40 hazi dira iazko uztaileko datuekin alderatuta.
Agentziak | EITB Media
Euskadiko landa-ostatuetako sarrerak % 35,9 eta gaualdiak % 36,7 igo dira 2021eko uztailean, 2020ko hilabete bereko datuekin alderatuta. Apartamentu turistikoen kasuan, gaualdien igoera % 40tik gorakoa izan da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jasotako datuen arabera.
Zehazki, EAEko landa-ostatuek 19.103 sarrera eta 60.229 gaualdi zenbatu dituzte uztailean. Era berean, ekaineko datuekin alderatuta, sarrera kopurua % 83,8 hazi da, eta gaualdiena, % 151,5.
Jatorriaren arabera, Euskadiko landa-ostatuetan erregistratutako pertsona gehienak Espainiako Estatukoak izan dira; guztira, 16.916 sarrera izan dituzte, eta atzerritarrak, berriz, 2.187 izan dira. Aurreko urteko uztailarekin alderatuta, % 33,8 igo dira Estatuko jatorriko sarrerak; % 54,7, atzerritarren kasuan.
Gaualdien harira, hazkundeak homogeneoagoak dira: Espainiako Estatuko jatorriko ostatu-gauen urtearteko igoera % 36,6koa izan da, eta atzerriko bisitarien kasuan, % 38,2koa.
Ekaineko datuekin alderatuta, EAEko landa-ostatuetako sarreren kopuruak % 83,8 egin du gora, eta ostatu-gauen kopuruak, berriz, % 151,5.
Batez besteko egonaldiak
Uztaileko batez besteko egonaldia 3,15 egunekoa izan da, aurreko urteko hilabete bereko 3,13 egunekoa baino pixka bat handiagoa. 2021eko ekainean, landa-ostatuetako batez besteko egonaldia 2,30 egunekoa izan zen.
Apartamentu turistikoak
Apartamentu turistikoei dagokienez, 2021eko uztailean, sarrerak eta gaualdiak 10.794 eta 39.059 izan dira, hurrenez hurren. Iazko uztaileko datuekin alderatuta, sarreren kopurua % 35,9 hazi da, eta ostatu-gauena, berriz, % 40,7.
Espainiako Estatukoen sarrerak % 37,0 igo dira urtetik urtera, eta atzerritarrenak, berriz, % 32,6. Ostatu-gauen kasuan, igoera % 45ekoa izan da Estatukoen kasuan, eta % 27,5ekoa atzerritarren kasuan.