Ekonomia -

Lan-istripuak

Lan-istripuak euren agenden erdigunean jar ditzatela exijitu diete sindikatuek administrazioei

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiral eguerdian Donostian, lan-istripuen aurka. Era berean, azken sei egunetan lanean hiru pertsona hil direla salatu dute.

Dozenaka pertsona bildu dira Donostian. Argazkia: LAB
Dozenaka pertsona bildu dira Donostian. Argazkia: LAB
Dozenaka pertsona bildu dira Donostian. Argazkia: LAB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, lan-istripuen aurka, eta arazo hori "euren agenda politikoaren erdigunean" jartzeko eskatu diete administrazioei.

Mobilizazioan, Gema Pousa LABeko ordezkariak deitoratu duenez, "sarraskiak ez du etenik", eta gogoratu du azken sei egunetan hiru langile hil direla Gipuzkoan lan-istripuetan: Urretxuko Almacenes Usabiaga enpresako bat, eskorga batek harrapatuta; Construcciones Moyua enpresako beste bat, Ormaiztegin; eta Donostiako Garbiketa ABEEko beste bat. Horiei, gainera, oso egoera "prekarioan" zeuden baso-langileen aurreko heriotzak gehitu behar zaizkie.

"Langile horien atzean, familiak, lankideak eta gertatzen ari den guztiaren arduradunak daude", esan du, eta erantsi du aurten Euskal Herrian 39 langile hil direla.

Gainera, azpimarratu duenez, "EAEn, 21.520 langilek laneko baja eragin dien istripuren bat edo beste izan dute aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, iaz baino 3.400 gehiago".

LABeko ordezkariaren arabera, lan-istripuak "ez dira gertakari isolatuak, ekonomia langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen duen ekoizpen ereduaren isla baizik". "Horren aurrean, zer egiteko prest dago Administrazioa egoera hau eta hiltzen duen eredua geldiarazteko?", galdetu du.

Azkenik, lan-istripuen ondorioz gertatutako heriotzen atzean "izen-abizenak, familiak eta arduradunak" daudela nabarmendu du, eta "egoera jasanezin hau agenda politikoaren erdigunean" jartzeko eskatu die administrazioei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Donostia ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Steilas ESK