Ekonomia -

Gaztela eta Leon

Espainiako Gobernuak espedientea ireki dio Iberdrolari Zamorako urtegi batean egindako husteagatik

Ricobayoko urtegia da; edukieraren % 10etik baino zertxobait bat gehiago du beteta, azken asteotan egindako hustuketaren ondorioz. EH Bilduk eta ERCk Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan Diputatuen Kongresuan agertzea eskatu dute.

Ricobayo urtegia, hustea gauzatuta. Argazkia: EFE.
Ricobayo urtegia, hustea gauzatuta
Ricobayo urtegia, hustea gauzatuta. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak informazio-espedientea ireki du Zamoran (Gaztela eta Leon) dagoen Ricobayoko urtegiaren hustea ikertzea helburu; izan ere, urtegiak edukieraren % 10etik baino zertxobait bat gehiago du beteta, azken asteotan egindako hustuketaren ondorioz. Iberdrola da tituluaren enpresa emakidaduna, ustiapen hidroelektrikorako, 2039ra arte; testuinguru horretan, EH Bilduk eta ERCk Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan Diputatuen Kongresuan agertzea eskatu dute, kontu horren gaineko azalpenak eman ditzan.

Hugo Moran Ingurumen Estatu idazkariak iragarri du informazio-espedientearen irekiera, Zamoran egindako bisitaldian, husteak kaltetutako udalerrietako alkateekin bilera eginda. Moranek onartu du udalerri horien aldarrikapena "bidezkoa" dela, eta aldeztu du egokia dela baieztatzea Iberdrolak "praxi txarra" gauzatu ote duen.

"Alkateen jarrerak kaltetutako herritarren irain-sentipena zehazten du", adierazi du Estatu idazkariak; esan duenez, praxi txar hura baieztatuz gero, "zigorra ezartzeko prozedurari ekingo zaio". Konpromiso hori hartu du Moranek, eta nabarmendu ere nabarmendu du egoera hori ez dela soilik Ricobayoko urtegian gertatzen: "Beste gune batzuetan ere zenbait arazo daude", azpimarratu du.

Emakidak zenbait hamarkadarako ematen dituzte, Moranek azaldu duenez: "Baina epea hasi zen unea eta oraingoa oso bestelakoak dira", ohartarazi du. Ingurumen Estatu idazkariak, puntu horretan, klima-aldaketa aipatu du, eta babestu du beharrezkoa dela bultzatzea "ustiapeneko beste modu bat".

Moranen aurreikuspena da prozedura "azkarra" izatea, eta ebazpena hurrengo egunotan izatea.

EH Bilduk eta ERCk Iberdrolako presidente Sanchez Galan Kongresuan agertzea eskatu dute

Ildo horretan, EH Bilduk eta ERCk, ostegunean, eskabidea erregistratu dute Diputatuen Kongresuan; horren asmoa da Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan Ganbera horretan agertzea.

Bi alderdiek galdegiten dute Sanchez Galanek azaltzea "Iberdrolak urtegi batzuetan egindako huste eskandalagarria; zalantzagarria da legezkoak diren, eta helburu bakarra da energia merkeagoa ekoiztea, argindarraren prezioa errekorrak markatzen ari den honetan".

Eskabidea, nolanahi ere, baliteke Kongresuko Mahaian geratzea; izan ere, aurrekoetan, enpresa pribatu bateko presidentea agertzea eskatu izan dutenean, arbuiatu egin dute, argudiatuta parlamentu-kontrola Espainiako Gobernura mugatuta dagoela, eta sektore pribatua kontrol horretatik at geratzen dela. Gainera, zitazioa, ikerketa-batzorde batek egin ezean, ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola albisteak Espainia albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Eguneko albisteak