Ekonomia -

Lan-istripuak

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egingo dute ostiralean, lan-istripuen aurka

Donostian egingo dute, eguerdian, "azken sei egunetan lanean hiru pertsona hil direla" salatzeko.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egingo dute ostiral eguerdian Donostian, lan-istripuen aurka, "azken sei egunetan lanean hiru pertsona hil direla" salatzeko.

Ohar bidez, LABek gogora ekarri duenez, asteartean langile bat hil da Urretxun, Almacenes Usabiaga enpresan, eskorga batek harrapatuta. "Euskal Herrian aurreko sei egunetan hil den hirugarren langilea da", salatu du. Testuinguru horretan, sindikatuak gogorarazi du abuztuaren 16an beste langile bat hil zela Ormaiztegin, eta hilaren 12an Donostiako Garbiketako langile bat zendu zela, Gipuzkoako hiriburuan.

LABen arabera, "Euskal Herrian, gutxienez 39 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz 2021ean". Sindikatuak "hildako langilearen senide, lagun eta lankideei" babesa eta elkartasuna agertu nahi izan dizkie.

Horrez gain, salatu duenez, "praktikan, nahiz eta arazoa ezaguna den, ez dituzte neurriak hartzen, horrelako istripurik berriro gerta ez dadin. Administrazio publikoetako arduradunek ez omen dakite ezer, edo ez omen dute ezer jakin nahi, honen gainean", gehitu du.

"Lan eta bizitza duinak izateko eskubidea" aldarrikatu du LABek, eta, horren esanetan, "aldarrikapena eta borroka dira baliabide bakarra gaitz honi amaiera emateko; konponbidea lan-harremanetako eta joko-arauetako aldaketa batek ekarriko du".

Azkenean, ostiraleko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du. 12:00etan egingo dute, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Euskal sindikatuak Steilas azken ordukoa