Ekonomia -
Enplegu publikoa
EAEko Udaltzaingoetako lanpostuak betetzeko prozesua ireki dute
Bitartekotasunean izango diren agenteen lan-poltsa sortuko dute; aurreikuspena da Udalek abendutik aurrera izatea eskuragarri poltsa hori.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAEko Udaltzaingoetan bete gabe dauden lanpostuak modu "arin eta eraginkorrean" betetzeko prozesua ireki du Eusko Jaurlaritzak; hala, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, asteazken honetan, prozesua zabaldu duen ebazpena argitaratu du. Asmoa da bitartekotasunean izango diren agenteen lan-poltsa sortzea, euskal Udaltzaingoetan, eta aurreikusita dute Udalek abendutik aurrera izatea eskuragarri poltsa hori.
Izena emateko epea 20 egun baliodunetan izango da irekita; lehena abuztuaren 19a izango da, hau da, aste honetako osteguna. Interesa dutenek arkauteakademia.eus web orrian egin beharko dute eskabidea.
Lan-poltsa sortzeko aukeratze-prozesua oposizio-sistema bidez egingo dute, eta probak eta ariketak izango dira; azken horiek ezagutzetakoak, nortasunekoak, psikoteknikoak eta fisikoak izatea ezarri dute. Probak gaindituta, ikastaro teoriko eta praktikoa egingo dute hautatzaileek, udaltzainek bete beharko dituzten lanen gainekoa.
Prozesuan parte hartzeko, baldintza hauek bete behar dira: espainiar herritartasuna izatea, gutxienez 1,65 metroko altuera (gizonek) eta gutxienez 1,60koa (emakumeek) izatea, 18-30 urte artekoa izatea, Batxilergoko titulua edo baliokidea gaindituta izatea, edo maila altuagoko beste edozein, gidabaimena izatea eta euskararen gutxienez B2 maila gaindituta izatea.
Asmoa da euskal udalek trebatutako pertsonak izatea eskuragarri, segituan bete ahal izateko lanpostu huts horiek.