Ekonomia -

ARGINDARRA

Argindarraren prezioa 100 euro/MWh-tik jaitsiko da gaur, baina duela urtebeteko prezioa hirukoiztuko du halere

Hirugarren egunez jarraian egingo du behera argindarraren prezioak, gaur 88,92 euro/MWh-ra arte. Joan den astean bost errekor hautsi zituen, ostiralean maximo historikora arte, 117 euro/kWh-ko prezioarekin.

Elektrizitatearen prezioaren maximo historikoa bero boladarekin batera etorri da. Argazkia: EFE
Pertsona bat aire-girotua erregulatzen.
Elektrizitatearen prezioaren maximo historikoa bero boladarekin batera etorri da. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Handizkako merkatuan argindarraren batez besteko prezioak behera egingo du astelehen honetan, abuztuaren 16an, hirugarren egunez jarraian, megawatt-orduak batez beste 88,92 euroko prezioa izango baitu. Megawatt-orduak 114,63 euroko prezioa izan zuen larunbatean eta 110,02koa igandean.

Jaitsiera horrekin, argindarraren prezioa 100 eurotik behera jaitsiko da abuztuaren 8tik lehen aldiz, eta, hala, atzean utziko du astebetez jarraian izandako goranzko joera historikoa. Joan den astean, astelehenetik ostiralera bitartean bost aldiz hautsi zituen markak argindarraren prezioak, maximora iritsi zen ostiralean, megawatt-orduak 117 euroko batez besteko prezioa izan zuen. Hori gutxi ez eta, prezio igoera horrek bat egin du Euskal Herriko hegoaldea eta penintsula zati handi bat astintzen ari den beroaldiarekin.

Iaz, garai honetan, megawatt-orduak batez beste 29,08 euroko prezioa izan zuen; beraz, urte arteko igoera % 205,77koa da, hau da, gaurko prezioak hirukoiztu egingo du duela urtebete erregistratutakoa, NEMOk (merkatu elektrikoko operadoreak) emandako datuen arabera.

Pool elektrikoak batez beste megawatt-orduko 88,92 euroko prezioa izango du abuztuaren 16an. Eguneko maximoa 22:00etatik 23:00etara izango da (109,35 euro/MWh); minimoa, berriz, 19:00etatik 20:00etara (82,6 euro/MWh).

Uztailean, argindarrak, batez beste, megawatt-orduko 92,42 euroko prezioa izan zuen, hau da, inoizko mailarik altuena eta iazko hilabete berean baino % 166,8 altuagoa.

Abuztuan, zortzi marka hautsi ditu poolak: aste honetako astelehen eta ostiral arteko bost markak, eta aurreko asteko astelehen, astearte eta asteazkenekoak.

Klima-aldaketaren testuingurua ere energia-prezioen etengabeko igoeraren eragile nagusietako bat da; izan ere, karbono dioxidoa (CO2) isurtzeko eskubideek eragiten dute prezioan, horiek energia-eredu berriztagarrietarako trantsizioa bilatzen duten heinean.

BEZa % 10ekoa izango da abendura arte, batez beste megawatt-orduaren prezioa 45 eurotik gora dagoen bitartean. Ekainaren aurretik egin bezala, % 21 aplikatzen jarraitu izan balitz, ordainagiriak marka guztiak hautsiko lituzke, 93,88 euroraino, Facua kontsumitzaile elkartearen kalkuluen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Elektrizitatea Energia berriztagarriak Energia