Ekonomia -
Osasuna
Eusko Jaurlaritza Onkologikoa "desegiten" ari dela salatu dute langileek
Enpresa-batzordeak ziurtatu duenez, "bularreko minbizia izan dezaketen" pazienteak "Donostia Unibertsitate Ospitalera zuzenean eramateko" agindua eman dute.
Agentziak | EiTB Media
Eusko Jaurlaritza osasun zentroa "desegiten, berregituratzen eta pazienteak kentzen" ari dela salatu du Onkologikoko enpresa-batzordeak. "Bularreko minbizia izan dezaketen" pazienteak "Donostia Unibertsitate Ospitalera zuzenean eramateko" agindua eman dute, ziurtatu duenez.
Ostegunean argitara emandako oharrean, Institutu Onkologikoko langileen ordezkariek azaldu dutenez, pazienteak Donostia Ospitalera eramateko "agindua" eman diete Gipuzkoako eskualde ospitaleei, "Onkologikora heltzea saihestuz".
"Litekeena da bularreko unitate bat Donostia Ospitalean martxan jarri nahi izatea, bertako profesionalek osatua, eta pazienterik ezean, Onkologikoko profesionalak kanpoan geratuko lirateke", adierazi dute.
Administrazio Publikoa Onkologikoa Osakidetzan barneratzeko hitzarmena "ez da betetzen ari", enpresa-batzordearen ustez. "Pazienterik gabeko ospitale batek ez du etorkizunik", ohartarazi du.
"Une honetan, jarduerarik eta informaziorik gabe, bere etorkizuna arriskuan du zentroak", ziurtatu dute.
Batzordearen hitzetan, bularreko minbiziaren diagnostikoa "sintomatologia, esplorazioa, mamografia eta biopsian oinarritzen da"; Osakidetza inposatzen ari den neurriarekin "gipuzkoarrek aurrerantzean ezin izango dituzte erabili, screeninga salbu, Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua eta Bularreko Unitatea itxita". Era berean, horrek erradioterapia zerbitzuan eragina izan dezakeela esan dute.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programan jaso zuenez, "bularreko eritasunentzako erreferentzia zentroa Onkologikoa eta Donostia Unibertsitate Ospitalea dira", gogorarazi dutenez.
"Ondorioz, galdetu beharko genuke: nork du hainbeste botere bere irizpide propioa inposatzeko eta Osasun Sailaren ebazpen baten aurka egiteko, Onkologikoaren jarduera beste toki batera eramateko?", azpimarratu dute.