Ekonomia -
Autonomo faltsuak
“Rider” legea betetzen dela ziurtatzeko zaintza zorroztea eskatu dute sindikatuek
Sektoreko enpresei araudi berrira egokitzeko emandako hiru hilabeteko epea bete da; hala, lege berria gaur, ostegunean, sartuko da indarrean.
EITB Media
Indarrean da "rider" lege berria. Hori dela eta, kasu guztietan hori betetzen dela ziurtatzeko zaintza zorroztea eskatu dute CCOO, ELA eta UGT sindikatuek. Halaber, banatzaile horiei eragiten dien lege eta gainerako lan araudiaren urraketei aurre egingo dietela ohartarazi dute.
"Lege honen helburua da sektore horretako langileek denbora luzez jasan duten lan-iruzurrari amaiera ematea, hala ziurtatu baitute Lan Ikuskaritzak eta auzitegiek", CCOO sindikatuaren arabera.
Bestalde, ELAk esan du banaketa-enpresa horietan lan egiten dutenek ez dutela lan autonomoa egiten, besteren konturako lana baizik; "beraz, enpresa batentzat lan egiten duten beharginen berme eta eskubide berberak izan behar dituzte".
Horregatik, euskal sindikatuak banaketa-enpresetako langileei beren eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko deia egin die, ez bakarrik besteren konturako langileen egoera aitortuz, baizik eta negoziazio kolektiboaren bidez eta kolektiboa ostalaritzako sektoreko hitzarmenetan sartuz.
UGTk, bere aldetik, uste du plataforma horiei buruzko elkarrizketa sozialaren esparruko prozesua oraindik ez dela amaitu, "plataforma digital guztien erregulazio globalerantz aurrera egin behar delako", eta sindikatuek enpresa guztien algoritmoak eskuratu ahal izatea eskatu du, ez soilik banaketakoak.
Zentzu horretan, plataforma digitalak arautuko dituen Europa mailako arau bat lortzeko presioa egiteko eskatu dio sindikatu horrek Gobernuari.
"Rider" legea: autonomo faltsuekin amaitzea banatzaileen artean
Sektoreko enpresei araudi berrira egokitzeko emandako hiru hilabeteko epea bete ondoren, "rider" legea ostegun honetan sartu da indarrean. Horrela, autonomo faltsuak banatzaile gisa erabiltzeari utzi nahi zaio, eta soldatapeko langile gisa kontratatzera behartu.
Janaria etxez etxe banatzeko lau plataforma handietako hiruk (Deliveroo, Glovo eta Uber Eats) ez dute aldaketa hori onartu nahi izan, eta bakoitzak beste bide bat aukeratu du arauari aurre egiteko.
Glovok bere banatzaileen % 80 (8.000 langile inguru) autonomo gisa mantenduko ditu, "harreman eredu berri bat" ezarri ondoren. Uber Eatsek, aldiz, autonomoak erabiltzeari utziko dio, eta banatzaileak azpikontratatuko ditu horretan espezializatutako enpresen bidez.
Azkenik, Deliverook iragarri du Espainiako Estatuan operazioak egiteari utziko diola laster.
Autonomoen erabileraren aldeko banatzaileen elkarteek ohartarazi dutenez, erregulazioak "prekaritate handiagoa" ekarriko die aldi baterako kontratuekin soldatapeko langile gisa lan egiten dutenei.
Bestalde, Riders x Derechos elkarteak azpimarratu du Glovok legea hautsi nahi duela "eredu berria" erabiliz autonomoak erabiltzen jarraitzeko, eta zalantzan jarri du Uber Eatsek banatzaileen % 100 hirugarren batzuen bidez azpikontratatzea legezkoa den.