Ekonomia -

MASMOVILEN EEE-A EUSKALTELI

"EAJren oniritziarekin" Euskaltel euskal gizarteari "lapurtu" diotela salatu du EH Bilduk

Podemos Euskadik ere Euskaltel diru publikoz sortu zela gogoratu du eta, azkenean, "gutxi batzuen mesedetan amaitu duela, EAJren onespenarekin".

Bi pertsona paseoan, Euskalteleko egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE
Bi pertsona paseoan, Euskalteleko egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE
Bi pertsona paseoan, Euskalteleko egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetako albiste ekonomikoa MasMovilek Euskalteli egindako OPA edo Erosteko Eskaintza Publikoa izan da EAEn. Nazioarteko funtsen esku dagoen enpresa bihurtu da Euskaltel eta zalantza ugari daude bere etorkizunari buruz.

EH Bildu eta Podemos Euskadi oso kritiko agertu dira operazioarekin, eta EAJ laguntzaile gisa seinalatu dute.

Twitterren duen kontu ofizialean, Euskaltel 1995ean diru publikoarekin sortu zela gogorarazi du EH Bilduk, eta, beraz, "jabea euskal gizartea" zela. Hori dela eta, koalizio abertzaleak salatu du Euskaltel "lapurtu" egin diotela euskal gizarteari "EAJren oniritziarekin", eta deitoratu egin du "diru publikoak esku pribatuetan bukatzea".

"Euskaltelek euskal enpresa izateari utziko ziola erabaki zuten EAJk eta Kutxabankek. Diru publikoak esku pribatuetan amaitzen du berriz ere, EAJren oniritziarekin" idatzi du EH Bilduk, "Euskaltel lapurtu digute" gehituz.

Podemos Euskadik ere Euskaltel diru publikoarekin sortu zela gogoratu du eta EAJk izan duen jokaera kritikatu du.

Sare sozialetan zabaldutako mezuan, alderdi moreak dio "telekomunikazio enpresa publikoa eta azpiegitura sare publikoa izateko aukera galdu" dela, baita "diru publikoz finantzatutako enporesa batek gutxi batzuen mesedetan amaitu" duela ere, "EAJren onespenarekin".

MasMovilek Euskalteleko kotizazioa abuztuaren 17tik bertan behera uztea eskatu du

MasMovilek asteon gauzatu du Euskaltel gaineko Erosteko Eskaintza Publikoa (OPA) Kaixo Telelecom sozietatearen bidez, konpainiaren % 97,67 eskuratuz. 1.965 milioiko eskaintza egin zuen konpainiaren %100agatik.

Atzo, "nahitaezko salmenta gauzatzeko aukera" erabiliko duela iragarri zuen kontrolpean ez dituen Euskalteleko akzioen % 2,33 erosteko. Halaber, Euskaltelen Burtsako kotizazioa abuztuaren 17tik aurrera bertan behera geratzeko eskatu du. 

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du enpresarekin "lan egingo" duela, OPAn hartutako konpromisoak bete ditzan; tartean, Euskaltelen egoitzak Euskadin jarraitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Salaketak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Enpresaburuak