Ekonomia -
Emaitzak
Laboral Kutxak 51,8 milioi euroko irabaziak izan ditu 2021eko lehen seihilekoan
Emaitza horiek % 12,7ko hobekuntza erakusten dute, 2020ko denbora tarte berarekin alderatuta.
Agentziak | EITB Media
Laboral Kutxak 51,8 milioi euroko irabaziekin itxi du 2021eko lehen seihilekoa; horrek % 12,7ko igoera erakusten du, 2020ko aldi bereko datuekin erkatuta.
Finantza erakundeak ohar baten bidez azaldu duenez, negozio bolumena 45.054 milioi eurokoa izan da, % 4,7 handiagoa, eta berankortasuna % 3,03ra jaitsi da.
Laboral Kutxaren mozkin gordinak 61,5 milioi eurokoak izan dira 2021eko lehen erdialdean, eta 9,7 milioi euro zergak ordaintzera bideratu eta gero, 51,8 euroko mozkin garbia lortu du guztira, iazko aldi berean baino % 12,7 handiagoa, kooperatibaren gizarte ekintzetarako funtsetara bideratu beharrekoa kendu aurretik.
Orotara, bezeroen baliabideak 27.568 milioi eurokoak dira, eta 1.422 milioi (% 5,4) handitu dira 2021eko lehen sei hilabeteetan.
Interesen marjina 122,5 milioikoa izan da, finantza erakundeak iragarri duenez; hots, % 1,2 jaitsi da, euriborraren eboluzioaren ondorioz.
Aitzitik, "suspertze ekonomiko berriak bankuen zerbitzuen eskaria handitu du, eta, ondorioz, horiei lotutako komisioen eboluzioa positiboa izan da, % 12,5 igo baitira".