Ekonomia -

Koronabirusa

Pfizer eta Moderna konpainiek txertoen salneurria igo diote EBri azken kontratuetan

'Financial Times' egunkariak azaldu duenez, botika-industriak diru asko irabaziko du, herrialdeek datorren neguan hirugarren dosia emateko eskaerak areagotzen dituzten heinean.

Moderna. Argazkia: EFE
Moderna. Argazkia: EFE
Moderna. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pfizer eta Moderna AEBko enpresa farmazeutikoek covid-19aren aurkako txertoen salneurria igo diote Europar Batasunari azken kontratuetan, Financial Times egunkariak igandean jakitera eman zuenez. Laurden bat eta hamarren bat, hurrenez hurren, igo dituzte prezioak.

Bi enpresa horietako ARNm txertoek merkeagoak diren Oxford/AstraZeneca eta Johnson & Johnson konpainienak baino eraginkortasun handiagoa dutela egiaztatu ondoren, kontratuen nondik norakoak berriz negoziatu zituzten, 2023ra arte sinatuta zituzten 2.100 milioi dosiren truke, egunkariak erantsi duenez.

Hain zuzen ere, Pfizerren dosi bakoitzeko 15,50 euro ordaintzetik 19,50 euro ordaintzera pasatuko da EB, Financial Timesen arabera. Modernaren dosi bakoitzeko, ostera, 25,50 dolar oraindu beharko ditu, lehen kontratuan 19 eta 22,60 dolar arteko salneurria adostu ostean.

Hala ere, aldez aurretik 28,5 dolarreko prezioa sinatu zuten, baina, eskaria areagotu zenez, jaitsi egin zuten gero, hedabidearen arabera.

Mozkin ikaragarriak

Egunkariak azpimarratu duenez, botika-industriak diru asko irabaziko du, herrialdeek datorren neguan hirugarren dosia emateko eskariak areagotzen dituzten heinean.

Sektoreko kontsultarien hitzetan, 2022an Pfizerrek 56.000 milioi dolarreko irabaziak lortuko ditu txertoaren salmentarekin. Bitartean, Modernak 30.000 milioi erdietsiko ditu.

Bestalde, AstraZenecak 15.000 milioi dolar inguru irabaziko ditu. Hala ere, garapen bidean dauden herrialdeei txertoa kostu prezioan eskaintzen ari zaie.

Hedabide horrek gogorarazi duenez, kontratu berri garestiagoak hornidura areagotzeko presiopean zegoen une batean negoziatu zituen EBk Pfizerrekin eta Modernarekin; J&J eta AstraZeneca odolbilduengatik ikertzen ari zirenean, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa