Ekonomia -
ENPLEGUA
Lanbidek enpleguko prestakuntza-ekintzetarako laguntzen epea ireki du
Aurten, 8 milioi bideratuko dituzte langabeen prestakuntzarako, eta 3,2 milioi enpresek beren langileentzako prestakuntza-ekintzak susta ditzaten.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enpleguko prestakuntza-ekintzetarako 11,2 milioi euroko laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du. Zehazki, aurten 8 milioi euro bideratuko dituzte langabeei enplegu-hobi berrietan prestakuntza emateko, eta 3,2 milioi enpresek langileen gaitasunak eta prestakuntza hobetzeko.
Lehenengo deialdiak 8 milioi euroko diru-laguntzak abiaraztea aurreikusten du, enplegu-hobi berrien esparruan lanbide-gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzak egiteko. Kasu horretan, eskaerak aurkezteko epea irailaren 9an amaituko da.
Laguntza horiek langabeei zuzenduta daude, gaitasun digitalak eskuratu eta hobetu ditzaten, pertsonen zaintzaren, trantsizio energetiko-ekologikoaren eta ekonomia sortzailearen arloetan.
Deialdi horren bidez, enplegu-hobi berriekin lotutako jarduera ekonomikoetan gaur egun enplegua sortzeko dauden aukeretan eragin nahi dute, trantsizio energetikoari, digitalari eta gizarte-kohesioari lotutako erronkei erantzuteko.
Beste deialdiaren helburua enpresek beren langileentzako prestakuntza-ekintzak sustatzea da, zehazki, beren gaitasun profesionalak hobetuko dituzten ekintza estrategikoak garatzeko. Kasu horretan, enpresek eta enpresa-taldeek irailaren 13ra arte eska ditzakete laguntzak.