Ekonomia -

COVID-19 LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzak irailaren 30era arte luzatu du enpresek eta autonomoek covid-19 laguntzak eskatzeko epea

Bi hilabetez luzatu dute covid-19aren ondorioz kalte ekonomikoak izan dituzten eta baldintzak betetzen dituzten enpresek eta autonomoek eskura dituzten laguntza ekonomikoak eskatzeko epea.

Saltzailea eta bezeroak, Bilboko denda batean. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Saltzailea eta bezeroak, Bilboko denda batean. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Saltzailea eta bezeroak, Bilboko denda batean. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak irailaren 30era arte luzatuko du covid-19aren ondorioz kalte ekonomikoak izan dituzten enpresen eta autonomoen kaudimenari laguntzeko laguntza zuzenetarako eskaerak aurkezteko epea. Hasiera batean, datorren uztailaren 30ean zen amaitzekoa epe hori.

Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, ikusi da eskaerak nahiko motel doazela. Zehaztu dutenez "laguntza horiek jaso ditzaketen 35.000 onuradunetatik, 3.946 eskaera aurkeztu dira".

Horregatik, epea zabaltzea erabaki da, baldintzak betetzen dituzten autonomoei eta enpresei eskaera egitea errazteko eta, hala, diru-laguntzen lerro horrek ahalik eta eragin handiena izan dezan

Ekonomia eta Ogasun Sailaren Agindua bihar, osteguna, argitaratuko daa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Agindu horretan bertan ezartzen da epea 2021eko irailaren 30eko 12:00etan (eguerdian) amaituko dela, beti ere, zuzkidura ekonomikoak lehenago agortzen ez badira. Zuzkidura amaituko balitz, eskaerak jasotzeari utziko zaio eta EHAAn emango da horren berri.

EAEn laguntza horiek 268 milioi eurorainokoak dira (218 milioi, estatuko funtsen bidez finantzatuak, eta 50 milioi gehiago, Eusko Jaurlaritzak emandakoak), eta 173 jarduera ekonomikok jaso ditzakete, Espainiako Errege Dekretuan jasotako 95 JESNei, 78 JESN berri gehitu baitzaizkie.

Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez baino ez dira egingo, eta ordainketa bakar baten bidez gauzatuko dira. Informazio gehiagorako www.euskadi.eus webgunera jo daiteke, baita arreta publikorako 945 01 77 00 telefonora edo laguntzakcovid@euskadi.eus posta elektronikora ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Koronabirusa