Ekonomia -
Laneko segurtasuna
Covid-19 bidezko kutsatzeak lan-istripuak direla onartu dute langile ez-sanitarioen kasuan ere
LAB sindikatuak defendatzen zuen ez zela gaixotasun arrunt gisa hartu behar, eta kontsiderazio hori osasun-sektoreetan eta sektore soziosanitarioetan lan egiten duten behargin guztiei zabaldu behar zitzaiela.
Agentziak | EITB Media
Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) mantentze-zerbitzuetako behargin bat covid-19agatik kutsatu izana lan-istriputzat jo du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak.
LAB sindikatuak aurkeztutako errekurtso batek hala eskatuta izan da ebazpena, eta langilea artatu zuen lan-mutualitateak ez du horren aurkako errekurtsorik jarriko. Sindikatuaren arabera, mota horretako kutsatzeak lan-istripu gisa aitortu behar zaie, eta ez gaixotasun arrunt moduan, osasun-sektorean eta soziosanitarioan lan egiten duten behargin guztiei (garbitzaile, administrari, mantentze-lanetako behargin, etab.), eta ez soil-soilik osasun-arloko langileei, orain arte aitortuta zegoen bezala.
Ebazpen horrek agerian uzten du, LABen ustez, enpresetan oro har, eta Osakidetzan bereizik, gertatzen diren kutsatzeak "prebentzio- eta babes-neurrien bidez saihestu daitezkeela, eta saihestu behar direla; eta hori gertatzen ez bada, enpresak erantzukizuna duela beharrezko neurriak hartu ez dituelako".