Ekonomia -

Lan gatazka

Bizkaiko autoeskoletako langileen % 65ek egin dute greba, ELAren arabera

CCOOk ez du gaurko deialdian parte hartu, "elkarrizketari aukera bat emateko". Sindikatuek lurralde hitzarmena negoziatu nahi dute, 11 urte baitaramatza berritu gabe.

Autoeskoletako langileen protesta bat. Argazkia: EFE
Autoeskoletako langileen protesta bat.
Autoeskoletako langileen protesta bat. Argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak deituta, greba eguna dute gaur Bizkaiko autoeskolek lan-hitzarmena negoziatzea galdegiteko. Udako azterketen garaiarekin bat egiten du protestak, eta hilabete honetan deitutako bigarrena da. Beste bat dago deituta astelehenerako, uztailaren 26rako. Sindikatu horren arabera, % 65ekoa izan da jarraipena.

Uztailaren 14an, joan den asteazkenean, egin zuten lehen lanuztea; orduko hartan, ELAk ez ezik, CCOO sindikatuak ere deituta. Oraingoan, baina, ez parte hartzea erabaki du Loli Garciak zuzentzen duen sindikatuak, "sektorean dagoen lan-gatazka konpontzeko bidea erraztu nahian eta elkarrizketari aukera bat emateko".

ELAk salatu duenez, APAVI patronalak bilera deitu du uztailaren 28rako, hots, bi greba egunen osterako, baina ez du proposamen zehatzik egin.

Susmo txarra hartu dio sindikatu abertzaleak patronalaren jarrerari: "Badirudi APAVIk nahiago duela distrakzio maniobratan ibili, edukiz jantzitako benetako negoziazio bati ekin baino".

Sindikatuek lurralde hitzarmena benetan negoziatzea eskatzen dute, 11 urte baitaramatza berritu gabe, zazpi hilabete eta bederatzi negoziazio bilera egin ondoren. Gainera, sindikatuen arabera, patronalak argi utzi zuen "sektore horretako langileen lan-baldintzak erregularizatzeko eta hobetzeko funtsezko alderdietan benetako urratsak eta aurrerapauso garrantzitsuak emateko borondaterik eza".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Eusko Langileen Alkartasuna Grebak albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Protestak gaur Sindikatuen albistea Langile Komisioak azken ordukoa Lan gatazkak albisteak gaur