Ekonomia -

BPG

EAEko ekonomia % 2 hazi da bigarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta

Enplegua % 2,1 igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera.

Eraikuntzako langileak Bilboko obra batean. Artxiboko argazkia: EFE.
Eraikuntzako langileak Bilboko obra batean
Eraikuntzako langileak Bilboko obra batean. Artxiboko argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko ekonomia % 2 hazi da aurtengo bigarren hiruhilekoan, 2021eko lehen hiru hilabeteetako Barne Produktu Gordinaren (BPG) aldean.

Iazko hiruhileko berean covid-19aren pandemiari aurre egiteko murrizketak indarrean zirela izandako datuekin alderatuz gero, BPGa % 18,5 hazi da EAEn.

Eustat Euskal Estatistika Erakundearen hiruhilekoko datuen arabera, enplegua (lanaldi osoko lanpostuei dagokienez) % 2,1 igo da aurreko hiruhilekoan izandako datuekin alderatuta.

Apiriletik ekainera bitartean, jarduera ekonomikoak gora egin du, eta hiruhilekoen arteko aldakuntza-tasak positiboak izan dira.

Aurtengo lehen hiruhilekoan, EAEko ekonomia aurreikusitakoa baino gehiago jaitsi da, % 2,9 jaitsi baita urtetik urtera, baina % 0,2 igo da 2020ko azken hiru hilabeteetako datuekin alderatuta.

Enpleguari dagokionez, urtarrila eta martxoa bitartean % 0,5 igo zen, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, baina % 2,1 jaitsi zen aurreko urteko epe berarekin alderatuta.

Aurten ekonomia % 6,7ra igotzeko aurreikuspenak berrikusi zituen Eusko Jaurlaritzak azken eguneraketan, ordura arte aurreikusitakoa (% 8,6) baino ia bi puntu gutxiago.

Urteko bigarren hiruhileko honetan, BPGaren hazkundea aurreikuspenen azken berrikuspenean aurreikusitakoa baino zertxobait handiagoa izan da, % 18,1eko igoera aurreikusi baitzuten.

2021eko bigarren hiruhileko honetan, etxeetako kontsumoa % 19,4 hazi da aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta % 4,5 administrazio publikoena.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, industria % 29,1 haziko da urte batetik bestera; eraikuntzaren jarduera % 16,8 haziko da eta zerbitzuena % 15,7.

Eustatek irailaren 17an berretsiko edo aldatuko ditu datu horiek, bigarren hiruhileko honetako behin betiko kontuen datuak argitaratuta.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren arabera, EAEko ekonomia % 6 haziko da uda honetan, 2020ko epe berarekin alderatuta, eta % 7,4 2021eko azken hiruhilekoan.

Aurreikuspenen arabera, enplegua % 2,4 haziko da urteko hirugarren hiruhilekoan, eta % 1 urritik abendura bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal Estatistika Erakundea gaur