Ekonomia -
Lan-erregulazioko espedientea
Laudioko eta Amurrioko lantegietan grebari eutsiko dio Tubacexeko ELAk
Sindikatu abertzaleko afiliatuek lanuztearekin jarraitzea erabaki dute batzarrean. 120 langilek aldeko botoa eman dute, 48k aurkako boza eta 6k zuri bozkatu dute.
EiTB Media | Agentziak
Tubacexek Laudion eta Amurrion (Araba) dituen lantegietan grebarekin jarraitzea erabaki du ELA sindikatuak. Sindikatuko afiliatuen gehiengoak lanuzteari eustea erabaki du batzarrean.
ELAk ohar batean azaldu duenez, 120 langilek aldeko botoa eman dute, 48k aurkako boza eta 6k zuri bozkatu dute.
Horregatik, zuzendaritzaren "jarrera ulertezinaren" aurrean "ibilbidearekin" aurrera jarraituko du ELAk. Kaleratutako beharginei soldatak ordaintzea, baina lanera itzultzen ez uztea erabaki zuen zuzendaritzak. Enpresa-batzordea datorren astelehenean bilduko da.
Legea errespetatzeko eta epaiak betetzeko irtenbide bat bilatzea eskatu die ELAk Tubacexi eta Eusko Jaurlaritzari. EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabe utzi zituen.