Ekonomia -

Soldata-arrakala

Morrokotudak: industrian emakumeen kontratazioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren programa berria

Egitasmo horrek prestakuntzarako 800.000 euro izango ditu, eta beste 1,2 milioi euro kontratazioak egiteko. Gaur egun, industriako lanpostuen % 20 baino ez dute emakumeek betetzen.

Morrokotudak programaren aurkezpena, Bilbon. Argazkia: Irekia.
Morrokotudak programaren aurkezpena, Bilbon.
Morrokotudak programaren aurkezpena, Bilbon. Argazkia: Irekia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Morrokotudak programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, bi milioi euroko zuzkidurarekin, emakumeak prestatzeko eta industrian kontratatzearen aldeko apustua egiteko.

Programaren parte izango diren enpresek konpromisoa hartuko dute prestakuntza hori egiten duten ikasleen % 70 kontratatzeko, eta baita lanaldi osoko sei hilabeteko kontratuak egiteko. "Aztertzen ari garen bide berri baten hasiera da hau, elkarrizketaren emaitza, eta berdintasunaren aldeko apustua", azaldu du Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuordeak gaur Bilbon egindako aurkezpenean.

Halaber, Mendiak aitortu du gazteen aldeko apustua egin behar dela, baina langabezian dauden 45 urtetik gorakoak ahaztu gabe. Era berean, azpimarratu du emakumeak biztanleriaren erdia direla, eta "ezin dugula talentuaren erdia galdu".

Bestalde, Tamara Yagüe Bizkaiko Metalaren Federazioko presidentea ere aurkezpenean izan da, eta esan du industria "giltzarria" dela Euskadiko garapen ekonomikorako, BPGren ia % 25 ordezkatzen baitu. Halaber, azaldu du Bizkaian 51.000 langile daudela industrian, eta Euskadin 117.000.

Lanbideren programa berri horrek Bizkaiko meategietan minerala garbitzen zuten emakumeen izena jasotzen du, gizonak baino lan-kategoria txikiagoan zeuden, eta gizonen erdia kobratzen zuten. Aurkezpenean, Mendiak ekitaldiaren "sinbolismoa" azpimarratu du, eta nabarmendu du emakume haiek garai hartan egiten zuten lanak "estigma" zuela eta "mespretxatua" zela, nahiz eta kasu askotan gizonek egiten zutenaren berdina izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Enpresaburuak Industria