Ekonomia -
Finantzen Euskal Kontseilua
Finantzen Euskal Kontseiluak Ekarpen Lege berria berretsi du
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren esanetan, Ekarpen Lege berriak "ziurtasuna" emango die kontu publikoei. Jaurlaritzak eta hiru aldundiek lege horren gaineko aurreakordioa zuten lotuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek hilaren 9an lotutako aurreakordioa berretsi du ostegun honetan, 2022-2026 eperako Ekarpen Lege berriaren gainean. Lege horrek, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak nabarmendu duenez, "sendotasun eta ziurtasun handiagoak emango dizkie kontu publikoei, bereziki kontuan izanik une oso garrantzitsu batean gaudela, ekonomia-susperraldia eta enplegu-sorrera bultzatu behar baitugu".
Joan den astean Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek aurreratu zutenez, lege berriak orain arteko koefiziente horizontalei eutsiko die, eta koefiziente horizontala, aldiz, handitu egingo du, % 70,04tik % 70,81era. Halaber, Funtsaren gehienezko muga baliabideetako % 1,45era haziko da, eta, horrez gain, toki-erakundeek itundutako zergetan duten partaidetzari dagokionez, gutxieneko ehunekoa % 39,23koa izatea ezartzen du.
Azpiazuk prentsaurrekoa eman du Gasteizen, hiru ahaldun nagusiekin batera (Bizkaiko Unai Rementeriarekin, Arabako Ramiro Gonzalezekin eta Gipuzkoako Markel Olanorekin); Gorka Urtaran Eudeleko presidentea ere bertan izan da, Finantzen Kontseiluak ostegun honetan egindako bilera amaituta izandako agerraldian.
Batzarrean, Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak metodologia berria onartu dute. Horrek egungo legea ordezkatuko du; indarrean dagoen lege hori 2011tik dago luzatuta.
Ekarpen Legearen bidez, zerga-sarrerak nola banatzen dituzten arautzen da. Bi alderen artean banatu behar dituzte zerga-sarrera horiek: alde batetik, foru aldundiak daude, diru-bilketari dagokionez eskumena duten erakundeak baitira; beste aldetik, Eusko Jaurlaritza dago, autonomia-erkidegoan eman diren zerbitzu publiko gehienak haren mendekoak direlako.
Akordioak metodologia berritu egiten du; hau da, jasotzen du baliabideak nola banatuko diren eta nola zehaztuko diren foru-aldundien ekarpenak EAEko aurrekontuei dagokienez 2022-2026 epean.
Hurrengo pausoak
Hitzarmena itxita, uztailaren 27ko gobernu-bilerak onartuko du Lege Proiektua, eta, gerora, Legebiltzarrera iritsiko da; bertan, EAJk eta PSE-EEk beharrezko gehiengoa dute, onartzeko.
Azpiazuren esanetan, euskal erakundeen helburua da, tramite guztiak gaindituta, Ekarpen Legea urriaren hasierarako egotea indarrean.
"Euskadiko erakunde-maila guztion lehentasuna izan da legea 2022ko aurrekontuak prestatu aurretik izatea onartuta; izan ere, sendotasun eta ziurtasun handiagoa ematen dizkie kontu publikoei, eta gainera ezin da ahaztu une oso garrantzitsuan gaudela, susperraldi ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatu behar dugulako", adierazi du Azpiazuk.
"Ziur nago; Foru Aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman diogu euskal herritarren ongizateari, beste edozein konturi baino lehenago. Ekarpen Lege berria erakundeen arteko lanaren ondorioa da; lankidetzan egin dugu lan, zintzo, eta elkarrekin, eta horrek etekina eman du gaur", azpimarratu du.