Ekonomia -
Ekaineko KPIa
Prezioak % 2,6 igo dira Euskadin eta % 2,8 Nafarroan 2021ean
KPIa hamarren bat igo da Euskadin, elektrizitateak bultzatuta, eta tasa % 2,9an kokatu da. Nafarroan, ordea, kontrakoa gertatu da, eta tasa hamarren bat jaitsi da maiatzarekin alderatuta, % 3,2an utzita.
Agentziak | EITB Media
KPIren urtetik urterako tasak goranzko joerarekin jarraitzen du ekainean Euskadin, seigarren hilabetez jarraian. Hala, % 2,9an kokatu da, elektrizitateak bultzatuta 2017ko otsailetik bizi izan den hazkunderik handiena da hori. Nafarroan, aldiz, tasa hamarren bat jaitsi da, eta % 3,2an gelditu da. Bi erkidegoetan, prezioak % 0,6 igo dira maiatzarekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) jakitera eman dituen azkenengo datuen arabera.
Urtea hasi zenetik, Gipuzkoan igo dira neurri handiagoan prezioak (% 2,9); Araban eta Nafarroan, aldiz, % 2,8 handitu dira eta Bizkaian % 2,4.
Kontuak horrela, 2021eko inflazioa % 2,6koa izan da Euskadin, eta % 2,8koa Nafarroan.
Aldaketak prezioetan
Produktu- eta zerbitzu-multzoen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko urte arteko tasaren igoerari dagokionez, Etxebizitza da igoerarik handiena pairatu duen arloa (% 11); hurrengoek jarraitu dute igoera: Garraioa (% 9), Etxeko gauzak (% 2), Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 1,4), Bestelakoak (% 1,3), Jantziak eta oinetakoak (% 1,0), Medikuntza (% 0,6), Irakaskuntza (% 0,6), Hoteletan, kafeetan eta jatetxeetan (% 0,6),
Bestalde, urte arteko indizeak behera egin du Komunikazioetan (-% 4,5), Aisialdian eta Kulturan (-% 1,6), alkoholdun edarietan eta tabakoan (-% 0,1).
Nafarroaren kasuan, prezioen igoerarik handienak, iazko ekainarekin alderatuta, Etxebizitzari (% 12,4) eta Garraioari (% 8,8) dagozkie. Ondoren, Etxeko tresnak (% 2,7), Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 2,1), Medikuntza (% 1,8), Irakaskuntza (% 1,7), Bestelakoak (% 1,4) eta Jantziak eta oinetakoak (% 0,9).
Aitzitik, ekaineko KPIak behera egin du urte arteko tasan Komunikazioetan (-% 4,6), Aisialdian eta kulturan (-% 0,9), Hoteletan, kafeetan eta jatetxeetan (-% 0,5) eta alkoholdun edarietan eta tabakoan (-% 0,1).