Ekonomia -
ArcelorMittal
Sestaoko ACB, karbonoko zero isuriak izango dituen munduko lehen altzairu-fabrika
2025etik aurrera egingo du; orduan, ACBk 1,6 bat milioi tona altzairu ekoitziko ditu, karbonoko zero isuriak botata. Hala iragarri du astearte honetan ArcelorMittal altzairu-fabrikaren jabeak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
ArcelorMittal multinazionalak interes-adierazpena hitzartu du Espainiako Gobernuarekin astearte honetan; horren ondorioz, Espainiako Gobernuak 1.000 milioi euro inbertituko ditu deskarbonizazio-teknologietan, eta fabrika batzuetan, tartean ArcelorMittalek Sestaon duen ACB altzairu-fabrikan baliatuko dituzte 1.000 milioi horiek. Hala, ACB karbonoko zero isuriak izango dituen munduko lehen altzairu-fabrika bilakatuko da.
Hala iragarri du Gijonen Lakshmi Mittal konpainiako presidenteak, Aditya Mittal kontseilari-delegatuarekin batera; ekitaldian, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere izan da.
Testuinguru honetan, ACBk, 2025ean, 1,6 bat milioi tona altzairu ekoitziko ditu, eta karbono-isuriak zero izango dira. Horretarako, arku elektrikoko bere labeak aldatuko ditu, eta, halaber, ArcelorMittalek Gijonen duen fabrikan hidrogeno berdea baliatuz ekoitzitako burdina erabiliko dituzte, urtean milioi bat tona.
Multinazionalak hainbat babes jaso ditu, maila autonomikoan, Estatu mailan eta Europa mailan, hori dena egin ahal izateko, Aditya Mittalen esanetan. Adierazi duenez, klima-aldaketa da heldu behar zaion erronka garrantzitsuena, eta gaur aro berria hasi da espainiar Estatuko siderurgian; izan ere, inbertsio handi honen bidez, 2025erako ArcelorMittalek erdira murriztuko ditu karbono-dioxidoko isuriak, eta Sestaoko altzairu-fabrikak ez du karbonoko isuririk egingo.
Mittalen iritziz, klima-aldaketaren aurkako borrokaren abiadura handitu behar da, eta, zehaztu duenez, Estatu espainiarrak deskarbonizatutako ekonomia lortzeko egin duen bidea harritzeko modukoa da: "Sanchezek eta bere Gobernuak ondo baino hobeto ulertu dute", nabarmendu du.
ArcelorMittal 2006an sortu zuten, Mittal Steel eta Arcelor fusionatuta. Luxenburgon du egoitza, eta munduko ekoizlerik nagusiena da burdinari eta ikatzari dagokienez. 60 herrialdetan dago, eta 17tan ditu industria-instalazioak, bai eta teknologia-zentroak ere. Euskal Herrian, EAEn eta Nafarroan ditu fabrikak.