Ekonomia -
empleo público
Euskal Enplegu Publikoaren eredu propioa finkatzeko lege-proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak
Lege-proiektuak euskal administrazio publikoetan lan egiten duten 100.000 langile baino gehiagoren jarduera arautzen du eta enplegu publikoa ordenatzeko eta profesionalizatzeko tresnak jasotzen ditu, hala nola jarduna ebaluatzeko sistema, karrera profesionalari zuzenean lotua
o.p. | eitb media
Gobernu Kontseiluak Euskal Enplegu Publikoaren lege-proiektua onartu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten 100.000 langile baino gehiagoren jarduera antolatu eta arautuko duena. Arauak garapen profesionalaren alderdi guztiak arautzen ditu, eta euskal enplegu publikoaren eredu propioa definitzen eta finkatzen du. Duela 32 urtetik indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legea eguneratzen du
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuak gobernu-kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azpimarratu duenez, proiektuak enplegu publikoaren arloko euskal ereduaren "hedadura osoa" hartzen duela, sektore horri buruzko "alderdi guztiak" jorratzen diren heinean.
Azaldu duenez, lege-proiektuaren xedea da euskal enplegu publiko osoa antolatzea, haren araubide juridikoa definitzea eta hura kudeatzeko tresnak arautzea. Hala, arlo publikoan lan egiten duten pertsonen alderdiak arautuko ditu, beren ibilbide profesionalari dagokion guztian, LEP batera aurkezten direnetik erretiroa hartu arte.
Enplegu publikoa antolatzeko, planifikatzeko eta profesionalizatzeko tresnak biltzen dituen araua da, hala nola antolamendu planak edo jarduna ebaluatzeko sistema. Azken horrek lotura zuzena du karrera profesionalarekin, eta administrazio publikoen eraginkortasunean eta zerbitzuak ematean eragiten duen elementutzat hartzen da. Horrela, funtzionarioek aurrera egin ahal izango dute Administrazioaren barruan.
Araua genero-, hizkuntza- (euskara eta gaztelania) eta aukera-berdintasunaren printzipioetan oinarritzen da, desgaitasun intelektuala edo mentala duten pertsonentzako hautaketa prozesu independenteak deitzeko aukera emanez.
Garamendik langileen etengabeko prestakuntzak hainbat alderditan duen garrantzia azpimarratu du, eta IVAPen lankidetza nabarmentzen du horri dagokionez. Dioenez, "arauak eguneroko lana garatzeko konpromiso etiko bat azpimarratzen du, ez soilik kargu publikoena, baita Administrazioko langile guztiena ere".
Euskal erakunde-sarean enplegu publikoaren koordinazioan aurrera egitea da ekimenaren helburua eta, horretarako, organo berri batez hornitzen da: Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea. Foro horretan ordezkaritza duten erakundeek esperientziak partekatzeko, irizpideak bateratzeko edo enplegatu publikoentzako politika komunak sustatzeko aukera izango dute.
Lege-proiektuak euskal araudia guztiz modernizatzea ekarriko du, Euskadiko administrazio publiko guztietan lan egiten duten pertsonen errealitate berrira egokituko baita. Horrela, gaur egun oraindik indarrean dagoen eta 1989koa den araudia eguneratuko dugu.
"Gure azken helburua da oinarrizko berrikuntza elementuak txertatzea, enplegu publikoa profesionalizazio maila handiko erakundea, inpartziala eta emaitzen kudeaketaz arduratsua izan dadin", adierazi du Olatz Garamendi sailburuak.