Ekonomia -
Administrazioa
Behin-behineko behargin publikoek 20 eguneko kalte-ordaina jasoko dute
Hala ere, zirriborroaren arabera, lehiaketa faseak % 40ko pisua izango du, eta behin-behineko “beharginak lanpostuan izan duen eskarmentua kontuan hartuko dute”.
Agentziak | EiTB Media
Sektore publikoko sindikatuak eta Espainiako Gobernua Administrazio Publikoan behin-behinekotasuna murrizteko akordioa prestatzen ari dira. 3 urte baino gehiagotan bitarteko beharginek bete dituzten lanpostuak finkatzeko deialdiak eta lehiaketa gainditzen ez duten langileentzako 20 eguneko kalte-ordaina aurreikusten du akordioak.
Datorren astean, Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean, ixteko asmoa duten akordioaren xehetasunak oraindik ixten ari direla ziurtatu dute negoziazioko iturriek. Erkidegoek eta tokiko administrazioek, sindikatuek eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoaren Ministerioak ordezkaritza dute mahaian.
Erreformaren helburua hiru urteren buruan enplegu publiko guztiaren behin-behinekotasun tasa % 8aren azpitik kokatzea da, nahiz eta erkidegoen egoera txarra izan; behin-behinekotasun tasa % 30 baino handiagoa delako.
Edozein administraziotan gutxienez hiru urtez, modu etengabean, behin-behineko beharginek bete dituzten lanpostu publiko guztiak egonkortzeko prozesu bat abiatzeko asmoa dute, prestatzen ari diren akordioaren arabera.
2024ko abenduaren 31 baino lehen lanpostuak banatu beharko dituzte. Horretarako, administrazioek hautaprobak azkartu beharko dituzte, epeak murriztuz, prozesuak digitalizatuz edo ekitaldi berean probak pilatuz.
Betetzen ari diren lanpostua bereganatzen ez duten behin-behineko beharginek 20 urteko kalte-ordaina jasoko dute, lan egindako urte bakoitzeko, behin-behineko funtzionario zein pertsonal laborala izan. Hala ere, azkenengoen kasuan, Langileen Estatutuak arautzen dituenez, 12 eguneko kalte-ordaina jasoko dute kontratu amaieragatik, eta beste bat 20 egunetara heldu arte.
Lanpostuak esleitzeko, berdintasun, meritu, gaitasun, publizitate eta lehia askearen printzipioak errespetatuko dituzte, oposizio-lehiaketen bidez.
Hala ere, akordioaren azken zirriborroaren arabera, lehiaketa faseak % 40ko pisua izango du, eta behin-behineko "beharginak lanpostuan izan duen eskarmentua kontuan hartuko dute".
Nahiz eta hautaproba gainditzen ez duten pertsonak kalte-ordaina jaso, lan-poltsatan parte hartzeko aukera izango dute.