Ekonomia -
Lan istripua
Eraikuntzako langile bat hil da Durangon laugarren solairu batetik erorita
22 urteko langilea, Bizkaiko udalerrian altxatzen ari diren eraikin batetik amildu eta bertan hil da.
E. G. | EITB MEDIA
Eraikuntzako langile bat hil da Durangon (Bizkaia) eraikin bateko laugarren solairutik jausita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Lan ezbeharra 11:45ean jazo da hirigunean, Ertzaintzaren komisariaren ondoan, altxatzen ari diren eraikin baten.
Argitu gabeko arrazoiak tarteko, 22 urteko behargina amildu egin da. Osalanek ikerketa abiatu du.
Gizonezkoa lekuan bertan hil da. ELA sindikatuak zehaztu duenez, Portugalekoa zen zendutakoa.
Sindikatu horrek elkarretaratzea deitu du datorren astearterako, hilaren 6rako (12:00etan), Durangon bertan.
ELAk emandako datuen arabera, 30 langile hil dira aurten lan istripu baten ondorioz. Sindikatuaren arabra, "onartezina da eta bada garaia Gasteizko eta Nafarroako gobernuek zein patronal eta erakundeek laneko segurtasuna eta osasuna lehentsi dezaten. Lan-prekaritatea lan-istripu eta gaixotasun profesional askoren jatorria da".