Ekonomia -
ogasuna
310 zordun handik 989 milioi zor dizkiete Hego Euskal Herriko ogasunei
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Ogasunek 2020an zorrik handienak izan dituzten pertsona eta enpresen izenak eta zorren zenbatekoak argitaratu dituzte.
o.p. | eitb media
Milioi euro bana baino gehiago zor dituzten 310 zordun handi dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunek; horien guztien arteko zorraren zenbatekoa 989 milioi eurokoa da, 2020ko abenduaren 31n. Zerga bulegoek argitara eman dituzte foru kutxetan zor handienak dituzten pertsona eta enpresen izenak eta zenbatekoak.
Araban, 38 zergadunek (2019ko kopuru bera) osatzen dute zordun handien zerrenda, 132 milioi euroko zorrarekin (129 milioi aurreko ekitaldian). Zergadunetako hiru pertsona fisikoak dira, eta horiek 9,6 milioi zor dizkiote Ogasunari. Gainerako 35 enpresak dira eta 122,5 milioi euroko zorra dute guztira.
Grupo Ros Casares jarri da zordunen zerrendan goren, 34 milioi euroko zorrarekin (aurreko ekitaldian baino ia bat gehiago): 18 milioi euro Goya Sesenta y Nueve SL enpresaren bidez, 11,1 milioi euro Ros Casares Centro de Acero SL enpresaren bidez eta 4,7 milioi euro Corporación Ros Casares SL enpresaren bidez.
Beste zordunen artean daude Eguren Vitoria S.A.,11,5 milioiko zorrarekin (iaz baino 300 000 euro gehiago) eta Urko-Urbasa ABEE 11,3 milioirekin (300 000 gehiagorekin ere).
Bizkaian, milioi bat eurotik gorako zorrak dituzten zergadunen kopurua 159koa da (horietatik 7 pertsona fisikoak dira) eta zorra 454 milioikoa da. Bizkaiko zordunak 2019an baino 6 gutxiago dira, eta zorra 12 milioi euro ingurukoa izan da.
159 zordunetatik 20k 4 milioi eurotik gorako zenbatekoak zor dituzte, eta horietatik 7k 10 milioitik gora.
Zordun nagusia Jabyer Fernandezen Iurbenor higiezinen promotorea da, 52 milioi zor baititu. Duela hamabost urtetatik datorren zorra da, eta, beraz, ia ezinezkoa izango da berreskuratzea: Fernandezek 250.000 metro koadro erosi zituen Barakaldoko Sefanitro zaharretik etxebizitzak eraikitzeko, baina 2008ko krisiak bere planak zapuztu zituen eta lurrak saldu zituen kredituak ordaintzeko. 2009an La Caixa eta BBKrekin akordio batera iritsi zen, 360 milioi euroko balioa zuen operazio batean, eta horietatik 43 Ogasunean sartu behar ziren BEZagatik, baina ez zuen ordaindu.
Bigarren zordun nagusia, 20 milioirekin, Moldis Echarro, jada itxita dagoen promotorea. Hirugarren zordunak Industrias Domesticas-ek ogasunari 18 milioiko zorra utzita itxi zuen.
Gipuzkoan 45 zordun handi daude, eta 264 milioi euroko zorra dute guztira. Aurreko ekitaldian (2019) zordunak gehiago ziren, 66, baina zorra txikiagoa zen, 237 milioikoa.
Lagilur S.L. higiezinen promotoreak jarraitzen du zordun handienaren postuan, itxi bazen ere, 80,2 milioi euro zor baititu. Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde anaiak bigarren eta hirugarren postuetan daude 31 milioi euroko zorrarekin eta LH Commodities and Investmentsek osatzen du zordunen podiuma 23 milioi euro inguruko zorrarekin.
Nafarroan 68 dira dute milioi bat euro baino gehiagoko zorra dutenak, eta 139 milioi euro zor dituzte denen artean.
Construcciones Juan Bautista Flores SA (6,35 milioi euro), Urpasa Construcciones (5,33), Nasipa SL (5,31) eta Prodinver SL (5,09) enpresa zordunen zerrendaburuak dira.
Nafarroako Administrazioak, EAEko ogasunek ez bezala, 120.000 eurotik gorako zorra duten zordunen zerrenda argitaratzen du. Zerrenda osoa 673 pertsonak osatzen dute (fisikoak eta juridikoak), eta guztien zorra 320 milioi eurokoa da. Aurreko ekitaldian baino 33 zordun eta 15,8 milioi euro gehiago dira.