Ekonomia -
zergak
Irudi pertsonalaren sektoreak % 10eko BEZ murriztua berreskuratzeko eskatu du
Gaur hasi duten 'Guraize hautsien matxinada' kanpainarekin, oinarrizko zerbitzuei dagokien % 10eko BEZa berreskuratzea galdegin dute, gaur egun ezartzen zaien % 21aren ordez.
Olatz Prat | eitb media
Irudi pertsonalaren sektoreak kanpaina bat jarri du abian % 10eko BEZ murriztua berreskuratzea eskatzeko, gaur ezartzen zaien % 21aren ordez.
Guraize hautsien matxinada kanpainaren iturburua da Pilar Llop Diputatuen Kongresuko presidenteak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ile-apaindegi, bizargintza eta estetika zentroei zerga hori % 21etik % 10era murrizteko Senatuan onartutako zuzenketa baten bozketa bertan behera utzi izana. Bozketa hori bertan behera utzita, zuzenketa ez da asteazken honetan Kongresuan bozkatu behar den Iruzurraren aurkako Legearen testuan sartu. Erabaki horrek harrabots itzela eragin du sektorean.
Negozio hauei esker bizi diren 240.000 familiak barnebiltzen dituen elkarteak ohar batean adierazi du euren negozioak paperez josten hasi direla, Gobernuaren erabakia gaitzesteko.
Gogorarazi dutenez, pandemian "funtsezkotzat" jo zuten sektorea, eta, hala izanik, % 10eko BEZa dagokie. Horregatik salatzen dute, Espainiako Gobernua eta PSOE "izugarri kaltetzen" dituzten neurriak hartzen dabiltzala "behin eta berriz"; horien artean, esaterako, Aldi Baterako Erregulazio Txostenen bigarren txanda batera ezin jotzea edo covid-19arengatik ematen diren laguntzetatik kanpo uztea, sarri asko eramanezinak gertatzen zaizkien egoeretara bultzatu.
Zehazki, "mespretxatuak eta abandonatuak" sentitzen direla salatu dute, funtsezkotzat jotako sektorea eta "lan-zutabe" garrantzitsua izanik, funtsean emakumeek, gazteek eta autonomok mantendutako negozio txikiz osatua. Hori dela eta, sektoreko patronalek, federazioek, elkarteek eta plataformek gutun bat
Guraize hautsien matxinada kanpainaren baitan, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Madrilgo Diputatuen Kongresuaren aurrean, Espainia osoan zehar prestatzen ari diren manifestazio eta elkarretaratze berrien atariko gisa.
PPk igo zuen BEZa, PPk eskatu du jaistea
PPk, 2012an Kongresuan, Mariano Rajoy buru zela, BEZaren inoizko igoerarik handiena bultzatu eta onartu zuen alderdiak berak, ile-apaindegien sektorean BEZ murriztua berreskuratzeko ekimena proposatu zuen joan den astean.
Oraingoan, PSOE ez beste talde parlamentario guztien aldeko botoa jaso zuen ekimenak: Talde Popularra, Euskal Taldea, Esquerra Republicana, Ezker Konfederala, Talde Abertzalea, Talde Demokratikoa eta Talde Mistoa. Hala ere, PSOE kontra agertu zen eta Gobernuak Kongresuan beto eskubidea erabiliko zuela iragarri zuen.
Esan eta egin. Neurria ez da Kongresura iritsi ere egingo, Llopek bertan behera utzi duelako bozketa. Senatuaren Erregelamenduaren 151.1 artikuluari helduz, alegatu zuen aurkeztutako zuzenketak ez zuela "nahitaezko kongruentzia" gordetzen bere garaian Ezker Konfederaleko Talde parlamentarioak aurkeztutako jatorrizko zuzenketarekin, zeinaren gainean oinarritzen baitzen PPren bigarren zuzenketa hau.