Ekonomia -

ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK

Datorren astea erabakigarria izan daiteke bitarteko langileen auzian

15 eguneko tartea du Espainiak Gobernuak administrazio publikoetako behin-behinekotasunarekin amaituko duen dekretua sinatzeko. Berehala itxi beharra dauzka sindikatuekin eta erkidegoekin akordioak.

Apirilaren 22an greba izan zen lanpostu publikoen alde. Argazkia: EITB Media
Apirilaren 22an greba izan zen lanpostu publikoen alde.
Apirilaren 22an greba izan zen lanpostu publikoen alde. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldi baterako kontratazioaren abusua Administrazioaren arazo handienetako bat da. Bitarteko langileen tasa % 8tik gorakoa ez izatea eskatu du Europak, eta Espainiako Estatuan % 32koa da. Autonomia erkidegoen artean, Nafarroa da behin-behinekotasun tasa altuena duen erkidegoa (% 43) eta EAE da bigarrena (% 40).

Orain, eta Berreskuratze Planaren baitan Europari agindutako helburuak betetzeko asmoz, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Testu Bateginaren (EPOTB) erreforma eta 2017-2020 tartean etenik gabe lan egin duten bitarteko langileen egonkortze prozesua amaitu nahi du Espainiako Gobernuak.

Beranduenez 15 egunetan sinatu behar du dekretua Ministroen Kontseiluak, eta sindikatuen eta autonomia erkidegoen oniritzia jaso behar du aurrez. Ostegunean aurkeztu zuten Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialean proposamena (autonomia erkidegoetako kontseilari guztiak daude ordezkatuta bertan) eta hurrengo egunetan jaso behar dute erantzuna. Uztailaren 1eko Konferentzia Sektoriala funtsezkoa izango da auzia nondik nora bideratuko den argitzeko.

Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak prozesuaren gakoetako batzuk aurreratu zituen asteazkenean:

Behin-behinekotasuna debekatzea

Gobernuak behin-behinekotasuna debekatzea proposatu du, eta ezinezkoa izatea pertsona bat bitarteko gisa aritzea Administrazioan 3 urtez baino gehiagoz.

Proba gainditzen ez dutenek bitarteko langileen poltsetako kide izaten jarraitu ahal izango dute

Icetak argi utzi zuen Gobernuak ezin duela legez "funtzionario ez den bat funtzionario egin", baina azken egonkortze prozesua izan beharko litzatekeenaren bidez izatea lortu dezaketela gaineratu zuen. Gainera, proba hori gainditzen ez dutenek autonomia erkidegoek behar dituzten bitartekoen poltsetako kide izaten jarraitu ahal izango dutela zehaztu zuen.

Oposizio-lehiaketa bereziak

Dekretu horren arabera, egonkortze prozesua oposizio-lehiaketa berezi batzuen bidez egingo da, eta oposizio-lehiaketara ateratzen den lan prozesu zehatz horretan izandako esperientzia kontatuko da lehiaketa horietan. Autonomia erkidegoek eta toki erakundeek, gainera, aukera izango dute oposizio-lehiaketen ordez lehiaketa baino ez deitzeko.

Konpentsazioak eta zehapenak ez dira atzeraeraginezkoak izango

Behin-behinekotasun abusua jasan duten pertsonei kalteordaina emango zaie eta lege iruzurra egiten duten administrazioak zigortu egingo dira dekretuaren arabera. Hala ere, Icetak zehaztu zuenez, konpentsazioak zein zigorrak etorkizunean egingo dira, ez dira atzeraeraginezkoak izango, alegia.

Gai honekin gertatzen denak milaka langileri eragiten die Estatu osoan. 55.000 inguru dira EAEn eta 18.000 inguru Nafarroan. Kontuan izan behar da Funtzio Publikoak gobernuak nahiz entitate txikiagoak hartzen dituela, udalerriak tartean, eta hain zuzen ere, aste honetan Bilboko tokiko gobernuak "kezka" agertu du aurtengo urte amaieran udal Lan Eskaintza Publiko (LEP) batzuetako plazak finkatzeko prozesuak iraungiko direlako, Espainiako Gobernuak administrazio publikoetan behin-behinekotasun lege berria onartzeko zain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua