Ekonomia -

Argiaren faktura

Argindarraren BEZaren beherapena abenduaren 31ra arte egongo da indarrean

Litekeena da % 10eko BEZa larunbat honetatik aurrera bidaltzen diren faktura guztietan aplikatzea.

Bonbila bat piztuta. Argazkia: Pixabay
Bonbila bat piztuta.
Bonbila bat piztuta. Argazkia: Pixabay

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak ezohiko bilera egin du ostegun honetan, eta, premiazko bidetik, energia elektrikoaren hornidurari ezartzen zaizkion zergak murrizteko Errege Lege Dekretua onartu du. Horrela, etxeen, autonomoen eta enpresa txiki, ertain nahiz handien argindarraren fakturaren BEZa % 21etik % 10era jaitsiko dute.

Lege berria ostiral honetan argitaratuko dute Estatuko Aldizkari Ofizialean eta, beraz, litekeena da larunbat honetatik aurrera bidaltzen diren faktura guztietan aplikatzea aipatu murrizketa. Neurri berria abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak prentsaurrekoan adierazi duenez, kontsumitzaileen argindarraren faktura % 10 merkatzea lortuko dute, eta guztira 1.257 milioi euro aurreztuko dituztela uste dute.

Gobernuko bozeramaileak azpimarratu duenez, ezohiko neurri horien helburua elektrizitatearen prezioen egungo arazoa "etetea" eta "susperraldi ekonomikoa sendotu dadin laguntzea" da.

BEZaren kasuan, 10 kilowatt (kW) arteko potentzia kontratatua duten kontsumitzaile guztiek % 10eko jaitsiera izango dute urtea amaitu arte, betiere elektrizitatearen handizkako merkatuaren hileko batez besteko prezioa orduko megawatt (MWh) bakoitzeko 45 eurotik gorakoa bada.

Monterok azpimarratu du potentzia hori "Espainiako ia etxe guztiak" duela, izan ere, batez besteko potentzia 4,1 kW-koa da.

Halaber, % 10eko BEZa aplikatuko zaie kontsumitzaile ahul guztiei (612.000 etxek jasotzen dute bonu soziala) urte amaierara arte, kontratatutako potentzia eta merkatuko prezioa edozein izanda ere.

Argindarraren BEZa jaisteko erabaki hori Bruselara bidaliko dute, "inolako arazorik egon ez dadin", azaldu du Monterok, eta urte honen amaierara arte mantenduko dute; ondoren, berrikusi egingo dute, jarraipena beharrezkoa den ala ez erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Elektrizitatea