Ekonomia -
Krisia
Manifestazio jendetsua Ezkerraldean, krisi ekonomikoarentzat irtenbideak eskatzeko
Sestao, Portugalete eta Santurtzitik igaro da manifestazioa, "Ezkerraldea martxan, por un futuro digno" lelopean.
EITB Media | Agentziak
Ehunka pertsona manifestatu dira gaur, Ezkerraldeak bizi duen krisi ekonomikoa, industriala eta soziala salatzeko.
Martxa Sestaotik, Portugaletetik eta Santurtzitik igaro da, "Ezkerraldea martxan, por un futuro digno (etorkizun duin baten alde)" lelopean. Protestako pankartan, silueta beltzak jarri dituzte lan istripuetan hildako pertsonen eta genero indarkeria biktimen omenez.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak eta lan erregulazio espedientea duten hainbat enpresek, Petronor, PCB-ITP, Mediapost, San Juan de Dios Ospitalea eta Tubacex, hartu dute parte protestan. Gainera, hainbat eragile sozialen eta EH Bildu zein Elkarrekin Podemos-IUren babesa izan dute.
Ekitaldian irakurri duten manifestuan, antolatzaileek salatu dute kapitalismoa dela krisiaren erantzule nagusia, "pandemiaren aitzakiarekin aberastasun guztia gutxi batzuen eskuetan" jartzen duelako.
Bestalde, Next Generationen funts europarrez aritu dira, murrizketa ekonomikoak egiteko tresna berriak direla azpimarratuz. Hala, langileen eskubideak aldarrikatzeko eta gizartea eraldatzeko modu bakarra mobilizazioa dela azaldu dute.