Ekonomia -
ENPLEGUA
Eusko Jaurlaritzak hitzeman du Hezkuntzan ahalik eta LEP gehien egingo dituela
Jokin Bildarratz sailburuak adierazi du, ikastetxeetako egonkortasuna sustatu ezean, ez dela lortuko kalitatezko hezkuntza sistemarik.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak iragarri du ahalik eta lan eskaintza publiko gehien egingo dituela Hezkuntzan, sistemari "egonkortasuna" emateko. Legeak baimentzen duen adina LEP deituko direla azaldu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gasteizen. Hezkuntza sistema indartzeko, legealdi honetan urtero eskaintza bana egiteko asmoa agertu du.
Bilbao Exhibition Centren (BEC) egin ditu adierazpenak Bildarratzek, 2020ko LEP oposizioko lehen frogan. Orotara, 1.148 lanpostu eskaini dira, 1.021 Bigarren Hezkuntzan eta 127 Lan Heziketan.
Sailburuaren esanetan, "irakasleei egonkortasuna ematea" da Jaurlaritzaren helburua, lanpostu finko batek ematen duen lasaitasunetik lan egiteko aukera izan dezaten eta haien "bizitza proiektuetan" aurrera egin dezaten.
Bestalde, azpimarratu du inoiz ez dela "benetako kalitate"rik lortuko ikastetxe gehientsuenetan egonkortasunik ez dagoen bitartean.
Bildarratzek nabarmendu du oraindik lan handia egin behar dela hezkuntza sistema biziberritzeko, eta "sindikatuekin batera eta elkarlanean" egingo dela lan hori.