Ekonomia -

Mugikortasuna

Oinezkoentzako eta bizikletentzako zubi batek Barakaldo eta Erandio lotuko ditu

Lanak 2022ko amaieran hastea espero du Aldundiak, eta 2024an martxan izatea. 16,5 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango da. Zubi mugikorra izango da, itsasadarrean nabigatu ahal izateko.

Proiektuaren aurkezpena. Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia
Proiektuaren aurkezpena.
Proiektuaren aurkezpena. Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erandio eta Barakaldo lotzeko, oinezkoentzako eta bizikletentzako, zubia 2022ko bukaeran eraikitzen hastea espero du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurreikuspenen arabera, azpiegitura 2024an jarriko da abian, eta 16,5 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango da.

Zubi mugikorra izango da, itsasadarrean nabigatu ahal izateko, eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak adierazi duenez, "Aldundiak itsasadarraren ikono berri bat bilakatzea nahi du; pasabide-zubi bat baino zerbait gehiago izango da, proiektuak aisialdirako espazioak jasoko baititu, Erandioko eta Barakaldoko hiri-inguruneekin integraturik dagoen zubi bizigarri bihurtze aldera".

Horregatik, zubiaren diseinuan "ospe handiko eta nazioarteko esperientzia" duten hiru adituk hartuko dute parte: Mario Guisasolak, Mariano Villamerielek eta Mike Schlaichek diseinurako hainbat konponbide proposatuko dituzte, planteatu diren baldintzak betez.

Proposamenen artean, irtenbide teknikorik "onena" eskaintzen duena hautatuko da, honako irizpide hauek kontuan hartuta: kostu ekonomikoa, eraikuntza-prozesua, bi ertzak hiri-bilbean integratzea, zimenduak, hautatzen den sistema mugikorra edo pilak inpaktuetatik babestea.

Ertz batetik beste ertzera arteko distantzia 240 metrokoa da, eta ahalik eta zutabe gutxien erabili behar ditu.

Irekitzean nabigatzeko pasabideak 50 metro ingurukoa izan behar du, eta, horretarako, bao mugikor handi bat behar da. Gaur egungo trafikoak kontuan hartuta, urtean 100 eta 120 aldiz irekitzea aurreikusten da.

Zubi-taularen altuerak aukera eman behar die ontzi txikiei zubia ireki gabe igarotzeko, eta, aldi berean, ez da oso handia izan behar, zeren ertz bakoitzeko malda bizikletentzat, oinezkoentzat, gurpil-aulkietan dauden pertsonentzat edo orgatxoekin ibiltzeko egokia izan behar baita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Itsasadarra Erandio Bizkaia Barakaldo Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak